Disimuluan… Zaska herri-xeheari!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2016ko ira. 10a, 13:33

(2016-09-08, HIRUKA paperezko edizioan argitaratua)

Ez dakit zein telebista saiotik atera den hitz bihurtutako onomatopeia, baina ahoa betetzen duen horietakoa da. Ondo islatzen du aurretik espero barik jasotzen duzun kolpe mingarri horrek egindako soinu hipotetikoa: ZASKA! Konspirazio teorien garai honetan, herrian detektibe lanean ibiltzea gustuko dugunak bagaude; baina gurean, misteriorako aukera gutxi utzi ohi dute…

Bazen behin, Getxoko landa gunean, Andra Marin, 8.000 negozio eraiki nahi zituen Errege maltzurra. Herri xeheak gogor borrokatu behar izan zuen horren asmo ilunen kontra; zorionez, Krisilatis izeneko dragoiaren laguntza izan zuten herritarrek. Horrela, Erregearen asmo ilunak gelditzea lortu zuten. Gelditzea? Beste monarka batek hartu zuen koroa orduan; honek lau haizeetara iragarri zuen ez zuela aurrekoaren asmoekin jarraituko. Bere asmoa herritarrekin batera lan egitea zela eta ez dirua pilatzea eta bla,bla,bla,… Urteak zoriontsu joan ziren Getxoko konderrian. Baina, handik gutxira, mugimendu arraroak hasi ziren. Inorentzat eginda ez zegoen metro geltokia, bat-batean agertu zen “aisialdi” gune erraldoia Azkorrin… eta orain TOSUko landan, Andra Marin, aparkaleku erraldoia egin nahi dute! Monarkaren ahotan hori guzti hori bere agintaritza ahalmenetik kanpo, herriaren onerako etab. eginog da, zelan bestela. ZASKA herriari!

Inozentzia Olentzero Bilbao La Viejan gaupasaz aurkitzean galdu nuen eta “kasualitatea” ez da nire hiztegian ageri. Beraz, badaezpada, Tosu inguruan, antortxak eskuan daudenak diotenari adi ibili behar. Ez utzi zure Herria salgai jartzen, herri xehearentzatzat ez baita irabazirik egongo. Eta hau hola ez bazan… sar dadila kalabazan eta presoak aska ditzatela Txiki Otaegiko plazan! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun