"Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera"

1000 preso eta iheslari ohik baino gehiagok sinatutako irakurketa, ezker abertzalearen hautua bere eginez eta EPPK-ren erabaki kolektiboekiko guztizko errespetua adieraziz. Horrekin batera, apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko Egunean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu dute. Euskal preso eta iheslarien etxeratze bidea abian da.

<<Euskal Herriari bere geroa eraikitzeko aukera bahitu diote estatu espainiarrak eta frantziarrak luzaroan. Egoera horri aurre egiteko engaiamendua oinarri, hemen bildu garen gizon emakumeok askatasunaren aldeko borrokari lotu gintzaizkion, nork bere maila eta bitartekoez. Gatazka luze bezain gordinean murgildurik bizi izan gara, beraz, eta preso edota iheslari izatea ere egokitu zaigu.

Gatazkaren funtsezko arrazoiak hor dirau oraindik, eta, borrokak ereindako haziari atxikiz, ezker abertzale osoaren hautua gure egin dugu. Soilik molde politiko eta demokratikoetatik aurrera egiteko erabakia fermuki babesten dugu. Espetxean eta erbestean jorratutako sendotasun eta erabakiortasun berean diogu, gure ekarpen militantea egin nahi dugula, Zutik Euskal Herriak ireki eta borroka armatua baztertzeko ETAren behin betiko erabakiak abiatu zuen bidean. Gure agerraldi hau norabide horretan urrats xumea baino ez da.

Espero ez genuen jarrera bortitza aurkitu dugu estatuen aldetik; beraiek dira gur egun helburu politikoak eskuratzeko indarkeria darabiltenak. Euskal preso eta iheslari politikoen aurkako bortizkeria, jazarpena, zigor erantsiak… Bahitu politiko gisa dituzte, salbuespen neurriak ezartzen dizkiete, eta haienarekin batera beren senideen sufrikarioa areagotzetik etekin politikoa atera nahian ari dira etenik gabe Madril eta Parisetik.

Euskal jendartearekin batera ekinez gainditu behar dugu ezartzen diguten langa hori, eta badakigu ez dela egun bakar batean gauzatuko; era dinamiko eta antolatuan emango da preso eta iheslarien etxeratzea. EPPK-k aspaldi azaldu zuen bere erabakia bide horretan abiatzeko, beraiek eta senideek dituzten eskubide guztien errespetuan oinarrituta, eta lege-baliabideak erabiliaz, etxeratze prozesu artikulatua garatzeko.

Salbuespen legedien indargabetzea eta euskal jendartearen borondatea errespetatzea eskatzen du horrek, eta baita instituzioen aldetik goren mailako eta askotariko adierazpenak ere. Euskal Herriak ezin du onartu bere geroa eta erabakitzeko eskubidea baldintzatua izatea euskal preso politikoen eta senideen aurkako politikarekin. Euskal herritarroi dagokigu, beraz, aukera hori irekitzea.

EPPK-k, 2013ko bere agirian adierazi ildoan eginak ditu jada urratsak, guztien espetxe aldaketa eskatuz, preso gaixoen kaleratzea lortzeko edota baldintzapeko askatasun eskariak Frantzian, eta zigor murrizketak defendatzeko helegiteak bideratuta. Urrats hauek ez dute baliorik izanen euskal jendartearen inplikazioarekin batera ez badoaz. Foro Sozialaren gomendioekin bat egitea deliberatu zuen EPPK-k eta sostengu hori molde zehatz eta eraginkorretan gorpuzteko garaia heldua dela deritzogu. Estatuek eragin duten blokeoari irtenbidea emateak, ordea, urrats berriak eskatuko dizkigu guztioi, engaiamendu urrats berriak, euskal preso politikoen etxeratze bidea zehazte ariketak ere bai. EPPK-k berak erabakiko du zer nolako hautuak eta erritmoak zehaztu ildo horretan.

Guk hauxe diogu, ozen: beraiekin bat egiten dugula jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan, baita legedi barneko baliabideak erabiltzeko erabaki eta urratsak ematean ere. Legedia eta espetxe araudiaz baliatzeak ez du inola ere kolokan jartzen haien guztien izaera militantea, garatutako bidearen balioa eta duintasuna. Ez orain, ez lehen. Urtetan baliatu ditugu legezko bitartekoak gure burua babesteko, estatuen eraso eta interes politikoei aurre egiteko. Sakabanaketaren aurka eta kolektibo izaera gorpuzteko ere bai.
Espetxealdiak laburtzeko, erasoak baldintzatzeko, okerren ziren kideak babesteko….. Erabaki kolektiboen baitan, jakina. Eta ez diogu inori aukera txikienik ere emango urrats horien edo etor daitezkeen berrien fiskalizatzaile aritu dadin. EPPK-ren erabaki kolektiboekiko errespetua funtsezkoa baita. Banan banako urrats eta gauzatze moldeak ekarriko dituzten arren, erabaki kolektiboak izango baitira, aurrekoak ziren bezalaxe.

Euskal preso eta iheslarien etxeratze bidea abian da. Euskal jendartearen engaiamendua indarberritu behar dugu, eta estatuek ezarritako blokeoari aurre egin, premia biziz. Herri bezala dagokigun erabakitze eskubidearen balioa eta horrekiko atxikimendua egiazkoa dela frogatzeko. Euskal jendartearen gehiengo demokratikoaren aitortzatik, gure instituzioen zilegitasun demokratikoaren aldarrikapen praktikoa ere badelako, zinez ezinbestekoa da gure Herriak, gure seme-alabek etorkizun aske eta baketsua bizi dezaten.

Salbuespenezko legedia astindu beharra dago, sakabanaketa bukatu. Gehiengo sozial zabalak eraginkortu beharko du irekitako eskenatoki berria, ustel ez dadin. Alde anitzetako konpromezuak behar ditu honek guztiak. Guk geurea aldarrikatu nahi dugu lehenik eta behin. Euskal preso politikoen Euskal Herrirratzea eta etxeratzearen aldeko lanean murgiltzera gatoz. “Aski da!” ozenki aldarrikatzera. Mobilizatu eta eraginkortu egin behar dugu euskal jendartearen gehiengo oso zabal batekin partekatzen dugun delibero politiko hau. Horren adierazle, dei egiten dugu apirilaren 17ko manifestazioan parte hartzera. Eta sakabanaketaren aurka, presoen etxeratzearen alde lanean ari diren edota aldekotasuna adierazi duten eragile sozial eta instituzional guztiei elkarlanerako gonbitea luzatzen diegu.>>

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun