Txabi Arribalzaga, EH Bilduko zinegotzigaia: “Zarata eta trafiko gutxiago, oinezkoentzat leku gehiago”

Erabiltzailearen aurpegia
Aurreneko aldia da Txabi instituzioen munduan murgiltzen dela. Hala ere, eskarmentu handikoa da bai sindikalgintzan, bai herrigintzan ere (ikastola, jai batzordea, korrika…). Argi dauka Sopela erosoagoa behar dugula. Horretan, mugikortasuna funtsezkoa da.

Mugikortasunaren inguruan, zeintzuk dira Sopelaren arazorik larrienak?

Beste herri askotan bezala, zarata eta trafiko ugari pairatzen ditugu. Azken urte hauetan, gainera, Urdulizeko ospitalea zabaldu zenetik, areagotu egin da gure herritik pasatzen den trafikoa. Eskualdeko trafikoa da. Anbulantziek nahitaez gure herritik pasatu behar dute. Horrez gain, Urduliz eta inguruko herriak hazi egin dira. Eta azkenik, Berangoko merkataritza-zentroen arazoa daukagu: Urduliz, Plentzia, Gorliz... eskualdeko trafikoa erakartzen dute, gure herriko kaleak zeharkatuz (erdigunea eta Larrabasterra). Horrek ekarri digu lasaitasuna galtzea, umeentzako arriskuak handitzea eta kutsadura mailak igotzea, zarata barne. Era berean, gure herrian faltan botatzen dugu oinezkoentzako lehentasunezko guneak; trafikoa debekatu gabe baina abiadura murriztuz. Eta kotxea erabili nahi ez dugunontzat garraiobideen eskaintza oso eskasa da. Metroaren maiztasun txikiak kotxea erabiltzera behartzen gaitu.


Zeintzuk dira EH Bilduk proposatzen dituen irtenbideak?

Saihesbideak behar ditugun edo ez erabaki behar dugu. Eta behar izatekotan, zein. Gure ustez, Sopela ezin da eskualdeko trafikoaren igarobidea izan. Horretarako, dauzkagun aukeren artean, herriak erabakitzeko aukera izan beharko luke, prozesu parte hartzaile baten bitartez. EH Bildu alkatetzan egon zenean, hainbat saihesbide proposatzen zituen azterketa sakon bat gauzatu zen. Azterketa horretan oinarrituta bultzatuko genuke erabakitzeko prozesu hori. Gai konplexua da, aldagai asko hartu behar direlako kontutan: ingurune naturala, herri kohesioa, trafikoa murriztean alternatiba bakoitzak duen kostua eta eraginkortasuna. Baina herria gai da, noski, aldagai horiek baloratzeko eta bere iritzia emateko.


Hala ere, proposamen horrek ez du trafikoaren erabilera murrizten.

Horrela da, bai. Saihesbideen auziari erantzun bat emateaz gain, garraiobide publikoak indartu behar ditugu. Hori funtsezkoa da, trafikoa murrizte aldera. Alde batetik, Sopelan metroaren maiztasuna handitzeko jada ez dago arazo teknikorik. Egingarria da. Borondatea baino ez da behar. Sopelako herritarren bizitza hobetzeko, Metro Bilbaorekin serioski negoziatzeko konpromisoa hartzen dugu. Badakigu ez dela udalaren eskumena, baina presio politikoa egikaritzeko borondate irmoa daukagu. Prest gaude herria aktibatzeko norabide horretan. Eta argi hitz egin nahi dugu: gure ongizatea ezin da alderdi baten negozioen esku egon. Metro maiztasunaren atzean, ez dago soilik zerbitzuaren errentagarritasun ekonomikoa. Tosun eraikitzen ari diren aparkalekuan dago gakoa. Trafikoa erakarri nahi dute parking pribatu horretara, Sopeloztarrok Tosu ondoan dagoen Ibarbengoako geltokian metroa har dezagun. Negozio hutsa, mugikortasunaren kaltetan.

Horrez gain, Sopelbus zerbitzua sendotu nahi dugu. Herria kohesionatzeko baliogarria izan daiteke tresna hau. 2019an Sopelbusen hobekuntzak egitea adostu da alderdi guztien artean (ibilbidea, ordutegia). Norabide horretan jarraitzea da gure asmoa, hobekuntzak proposatuz. Esate baterako, Urdulizeko EH Bilduk elkarlanerako deia egin digu: Sopelbus Elortzaraino eramatea, udalen arteko hitzarmen bat eginez, Urduliztarrak hondartzara heldu eta Sopeloztarrak ospitalera busean joan gaitezen. Aztertzeko moduko proposamena da.


Aurreko legegintzaldian EH Bilduk bidegorrien sarea indartu zuen.

Eta horrela jarraitzeko asmoa daukagu. Esate baterako, programa fintzeko saio parte-hartzaileetan, eskakizun zehatz bat jaso genuen: Larrabasterra Sopelarekin lotu, bidegorri baten bitartez. Zehazki, Gatzarriñe kaletik Enrike Urrutikoetxea kaleraino, ikastolara eta Olabidera bidean doan bidegorriarekin lotuz. Ez da proiektu erraza. Foru errepidea da, espaloi estu batekin. Aztertzeko modukoa da. Udalak baditu baliabideak horrelako proiektuen bideragarritasuna aztertzeko. Borondatea besterik ez da behar. Eta gu horretarako gaude: irtenbideak asmatu eta martxan jartzeko.


Neurri horiek guztiek zer ekarri dezakete Sopelarentzat?

Sopela biziagoa nahi dugu: bizitzeko herri erosoagoa. Eroso umeentzat, adineko jendearentzat, dendarientzat. Herriko hezkuntza zentroak, dendak, jatetxeak, tabernak, kirol instalakuntzak.... elementu horiek guztiak elkarren artean konektatu nahi ditugu. Auzoak eta pertsonak hurbildu nahi ditugu. Ingurumena ahalik eta gehien errespetatzen duen herria irudikatzen dugu. Sopela handituz doan heinean, betiko Sopelaren bereizgarriak mantentzearen alde lan egingo dugu. Oreka zaila da, badakigu, baina esan bezala, irtenbideak asmatu eta martxan jartzeko sortu da EH Bildu.