2019-05-30 10:05

Sopelako EH Bildu: 2019ko udal hauteskundeen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Sopelako EH Bildu
Sopelako EH Bilduk 2019ko udal hauteskundeen inguruan izandako emaitzak oso modu positiboan baloratu ditu. Datozen asteetan gainontzeko alderdi politikoekin bilduko da hauteskunde osteko egoera aztertzeko.

Sopelako EH BILDUk emaitza itzelak lortu ditu udal hauteskundeetan. Duela 4 urtekoetatik 383 boto gehiago (%19↑) eta duela hilabete eskasekoetatik 873 boto gehiago (%58↑) eskuratuta. Inoizko emaitzik onenak. Beraz, lehenengo eta behin, eskerrik asko boto eman diguzuen guztioi, baita emaitza horiek lortzen lagundu diguzuen guztioi.

Boto emaile askok eta askotarikoek eman digute botoa. Azken lau urtean lan handia egin dugu, gauza asko, proposamen asko, beti positiboan eta herriaren onerako, eta horrek guztiak herritar andana konfiantza guregan jartzera eraman ditu.

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, PPk eta PSEk hauteskunde orokorretan jasotako hainbat boto erakarriz (hala iradokitzen du alderdi bi horien boto jaitsierak hauteskunde orokorrekiko) baina nabarmen geratu da sopeloztarron gehiengo batek, berriz ere beste zerbait nahi duela. Eta gehiengo horretan EAJko boto emaile asko ere badaude; izan ere, foru hauteskundeetan EAJri botoa eman diotenetatik 500ek (%15) beste indar bati eman diote udal hauteskundeetako botoa. Ez dugu zalantzarik, horietatik askok EH BILDUri eman diotela botoa, egindako lana saritzeko eta udalerriarentzat beste norabide bat nahi dutelako.

Horretatik guztitik, bi ondorio nagusi atera daitezkeela uste dugu: batetik, argi geratu da, beste behin ere, sopeloztarrentzat EH BILDU dela herri hobe eta biziago bat lortzeko alternatiba bakarra. Bestetik, duela lau urte bezala, Sopelarentzat beste norabide bat proposatzen duten indarrak gehiengo direla.

 

EH BILDUK BILERA ERRONDA EGINGO DU ALDERDIEKIN

EAJk 7 zinegotzi ditu, EHBILDUk 6, Elkarrekin Podemosek 2, PSE-EEk 1 eta DBTUk 1.

EAJrekin batzartuko gara deitzen digutenean eta egoera haiekin aztertuko dugu. Azken lau urte hauetan bizi izandako desgobernua nola konpondu aztertzeko eta gure aldetik, lankidetza eskaintzeko herria beste parametro batzuetatik abiarazteko, arazo estrategikoei zein egunerokoei irtenbidea eman guran (etxebizitza, mugikortasuna, ikastetxeak, ingumena, ekipamenduak...).

Baina bigarren indarra garen heinean, Elkarrekin Podemosekin eta DBTUrekin ere egongo gara ezagutzeko zein diren haien asmoak eta Sopelako eskumaren aurrean hartuko duten jarrera. Balizko gobernu ezkertiarra eta eraldatzailea osatzeko aukera ere partekatuko dugu.

PSE-EErekin ere bilduko gara egoera eta lankidetzarako aukerak aztertzeko.

Datu guztiekin, hurrengo egunetan, EH BILDUren Herri Batzarra deituko dugu informazioa partekatzeko eta azken erabakiak hartzeko.

Edonola ere, EH BILDUK azken lau urteotan egindakoaren ildotik jarraitzeko eta sakontzeko duen konpromiso irmoa adierazi nahi du: ildo serioa, konstruktiboa eta eraldatzailea, bai eta sopeloztar guztiekin harremanak sendotzeko asmoa ere, Sopela abertzalea, ezkertzalea, ekologista, feminista eta bizia eraikitzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa