Komunikazioa? - Fredi Paia / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 8a, 11:01
Komunikabide berri baten jaiotzan zer gai hoberik komunikazioa bera baino? Komunikazioaren gizartean bizi garela diote adituek. Ekonomia berriaren oinarri dira telekomunikazioen munduaren garapen teknologikoak ahalbideratu dituen kostu murrizpen eta negozio berrietarako aukerak. Lurrikara honen epizentroa; internet. Sarearen bidez lan egiteak erosotasun eta efizientzia biderkatu ditu gure eguneroko zereginetan, mundua lehenago zelakoa zen ere gogoratu gura ez dugula. Informazio fluxuen abiadura eta bolumenak ikaragarri egin dute gora, urrun bizi diren lagun eta lankideekin kontaktuan egoteko zein lanari ekiteko benetako baldintzak orain gutxi heldu dira gure eskuetara.
Internet, kontzientzia gabeko gauza guztiak bezala, ez da ona, ez eta txarra ere. Geuk ematen diogun erabileraren eta geure gizarteak onartuko dituen askatasun mugen barruan legoke bere izaera. Zoritxarrez, denok ez daukagu erabaki eskubide bera.

Aitzitik, sano fenomeno arraroa gertatzen dabilelakoan nago. Komunikazioaren kontzeptuaren bersemantizazioan sartzen gabiltzala pentsatzen dut. Izan ere, zelan eman liteke komunikaziorako bitarteko teknologikoen hazkuntza eta hobekuntzarekiko paraleloan gertatzen dabilen ehun sozialaren deuseztapena? Komunikazioa informazio truke hutsa al da? Komunikazioa bere alderdi textualari baino ez dagokio? Zer gertatzen da alderdi kontextualarekin? (Eta ez berba egin mesedez web camp-aren potentzialidadeari buruz).

Komunikazioaren gizartean bizi gara, baina apenas ezagutzen ditugu gure auzokoak. Algortak, far west-eko herri fantasma dirudi arratsaldeko zortzietatik aurrera. Gainera inork esango dit ea nik zer egiten dudan ordu horretatik aurrera kalean . Ba komunitate kontzientzia indartu moteil! Dela militatzen, dela bertsotan edo dela herri honetako beste bizikideei burutik zer pasatzen zaien jakiten. Ez dut ulertzen zelan bizi daitekeen hainbeste jende, ehun mila biztanleko udalerri batean,

Everesteko puntan biziko bailitzan. Ehun soziala, gizartea bera , komunikazioan oinarritzen dira. Elkar ezagutzan eta komunitate bereko kideak izatetik ondorioztatzen den arazo kolektiboen aurreko elkarlan jarreran, alegia. Baina inurri isolatuen inurritegian gura gaituzte eta horretara jo dugu. Bizirauteko lan egin eta aisialdia kontsumoarekin lotzen dugunez, etxean sartu. Aurreztu behar dugulako.

Kontua da komunikazioaren gizartean baino inkomunikazioaren gizartean bizi garela. Hara gizarte modernoen gatazken iturburu posiblea. Informazioaren gizartean bizi garenik ezin ukatu, hala ere. Beraz, jarrai dezagun etxean bakarrik (eta soilik) informazioa elkartrukatzen.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun