Zer berri? Zaharrak... Ukberri! - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 18a, 00:35
Kazetaritza munduan beste proiektu “berri” bat daukagu aurrean. Hara non eta Uribe Kostan! Ez da lehenengoa. Egitasmo hau baino lehenago beste batzuk sortuak izan dira. Euskarri desberdinak ere erabili dira. Kazetak, herriko aldizkariak, irratiak, telebista... eta azken boladan, aurrerapen teknologikoen garrantziaz ohartuta, Interneteko sarea da nagusi.
Baliabide ugari eskaintzen ditu sare honek (arintasuna, bizkortasuna, elkarrenganako aktibitatea...) Argi dago, aurreko belaunaldien ohitura kulturalak eta informazio jasotzeko moduak ez dira gaurko modukoak. Irakurle asko eta asko harrapatzen ditu sareak, kostaldeko arrantzaleen sareak harrapakin ugari harrapatzen duen bezalaxe. Arestian, Orion eta Getarian izandako gertakizuna kontuan hartuta... harrapakin hauek berriro itsasora bota beharko dituzte arrantzaleek? Irakurleak ohiko euskarrietara itzuli beharko dira informazioa jasotzeko? Denboraren poderioz ikusiko dugu gertatu beharrekoa.

Haatik, berezitasun batzuk eskaintzen ditu UKberri-k. Uribe Kostako biztanleen “iritzia” plazaratzeko aukera ematen du. Euskaltzale “guztien” informazio grina – gizarteko “ideologia oro” barneratuta –, asetzeko xedez jaio da mezubide hau. Horixe izan da, hasieratik UKberriko lan taldeak azaldutako ideia, aurrerantzean jarraitu beharreko norabidea, gure eskualdeko euskaldunen harremanak sendotu ahal izateko helburua, alegia.

Beste aldetik, euskara hutsez egindako komunikabidea dugu. Zorioneko ideia da hau.Azken boladan euskararen inguruan izandako jazarpen bortitzak – eta oro har, euskal kulturaren inguruan erasoak - agerian daude. Eraso hauek bukatu al dira? Ostera gehiago izango dira? Auskalo! Honekin beste zailtasun bat gehitzen zaio proiektuari. Baina, seriotasunez, koherentziaz, zuhurtasunez, zuzeneko lana eginez... aurrera egin daiteke. Hauxe izango da hemendik aurrera UKberriko lan taldearen betebeharra.

Beste batzuen elkarteen, gizarte eragileen eta biztanleen laguntza beharko da, noski. Oraingoz, lehengo pausuak baino ez dira eman. Gerora aztarnak jarraitu beharko ditugu. UKberri taldea osatzen duen orori ongi etorri! Zer berri? Zaharrak... UKberri!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun