Ni jaio nintzen urtean - Josu Esnaola / Bizarra Lepoaneko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko aza. 18a, 23:23
Egitasmo berri bat sortzen den bakoitzean, ez dakit zergatik, baina neure bizitzaren errepasoa egiteko joera izaten dut. Lasai, ez dizuet neure bizitza kontatuko eta. Ni jaio nintzen urtean gertatutako hainbat kontu baino ez ditut aipatuko. Horrela bada, ni jaio nintzen urtean ETAk bere lehen biltzarra antolatu zuen, bertan, besteak beste, hizkuntza proiektu nazionalaren ardatz funtsezkotzat jo eta euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional bakartzat aldarrikatu zuen. Ikusten, Garzonek, Del Olmok eta enparauek arrazoi, jatorrizko bekatua, beraz, euskararen inguruko guztiak, heriotzarekin soilik garbi daitekeen hoben, euskararen heriotzarekin, jakina.
Ni jaio nintzen urtean Aljeriak independentzia lortu zuen, beharbada berreskuratu esatea egokiagoa litzateke, baina kontua da Herri-Errepublika Demokratikoa ezarri zutela, Afrikako herri askorentzat erreferentzi garrantzitsua bihurtuz. Urte batzuk geroago Ameriketako Estatu Batuetatik ihesi zihoazen Black Panthers-eko kideak jaso zituen. Gaur egun erregime militarrak agintzen du eta bestelako berriengatik da ezagunagoa, esaterako Kabiliako istiluak, integristen sarraskiak…

Ni jaio nintzen urtean Manuel Fraga Iribarne Francoren Gobernuko Informazio eta Turismo ministro izendatu zuten . Bai, gaur egun Galiziako Xuntako presidentea dena, demokrazia ikasgaiak ematen dabilen horixe, 1976an Gobernazio ministro zena (oraingo Barne Arazoetako ministro, alegia) Gasteizen poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituenean.

Ni jaio nintzen urtean Ameriketako Estatu Batuek hamar mila aholkulari militar bidali zituen Hego-Vietnamera, denok dakigu nola amaitu zen kontu hura, baina gaur egun gauza bera egiten jarraitzen du, begira bestela Kolonbiara, Guatemalara, Afganistanera, Irakera, Filipinetara… Pinocheten estatu kolpea eta ondorengo sarraskia, Granadako inbasioa, Nikaraugaren eta bere iraultza sandinistaren kontrako gerla, eta abar ahaztu gabe.

Ni jaio nintzen urtean hiru hilabetez salbuespen egoera ezarri zuen Francoren gobernuak Gipuzkoan eta Bizkaian. Gaur egun Hego Euskal Herri osoan bizi dugu salbuespen egoera, eta ez hiru hilabetez soilik. Oraindik fresko dauzkagu Eginen eta Euskaldunon egunkariaren ixteak, herri Batasunaren mahai nazionala kartzelaratzea, Udalbiltzako kideen kontrako sarekada…

Ni jaio nintzen urtean…
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun