Euskal Naziotasun Agiriaren Aldeko manifestazioa bihar Durangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 5a, 22:15
Bai Euskal Herriari herri ekimenak deituta, Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren (EHNA) aldeko manifestazioa egingo da bihar Durangon. 17:30ak aldera, Durangoko Euskal Liburu eta Diska Azoka paretik abiatu eta herriko kaleak zeharkatuko ditu, 'Ni naiz, gu gara. Autodeterminazioa, lurraldetasuna, naziotasuna' leloarekin. Dena den, hori ez da euskal herritarrak EHNA egin eta erabiltzera animatzeko Bai Euskal Herriari ekimeneko kideek antolatu duten ekintza bakarra. Abenduaren 13 eta 14an, Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren tramitazio egun nazionala deitu dute. Euskal Herriko hiri eta herri guztietan agiria egiteko aukera egongo da, Udalbiltza hautetsien bitartez.
Gainera, hainbat eragile eta izen handiko pertsonek atxikimendua eman diote abenduan egingo diren ekimenei, horien artean: Iñaki Perurena, harrijasotzailea; Rafa Diez, LABeko idazkaria; "Gara", "Le Journal" eta ''Berria''ko ordezkari Martin Garitano, Hur Gorostiaga eta Martxelo Otamendi, hurrenez hurren; Igor Jauregi, Mikel Aranburu eta Aitor Lopez de Recarte Errealeko jokalariak; bertsolariak, Jose Luis Alvarez Enparantza idazlea; Esait ekimenekoak eta musikariak.

Datorren abenduaren 13 eta 14an Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren tramitazio egun nazionala deitu du Bai Euskal Herriari ekimena. Horrela, Euskal Herriko hiri eta herri guztietan "era publiko eta eraginkor batez" EHNA egiteko aukera egongo da Udabiltza hautetsien bitartez .

Bai Euskal Herriari ekimeneko kideen hitzetan, "EHNA da Euskal Herritarren naziotasuna adierazten duen agiria". Horregatik, "gaur inoiz baino indar handiagoz, Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoak jokoan izanik", egunero erabiltzeko tresna dela diote. 125.000 sinadura jaso ziren Udalbiltzak Euskal Naziotasuna aitortzen zuen agiria abian jar zezan. Ordudanik, milaka eta milaka Euskal Herritar izan dira EHNA eskuratu, eta erabili dutenak. Hala ere, bultzada berri bat eman nahi zaio agiriaren tramitazioari. Helburu hori du abenduaren 13 eta 14ko asteburuak.

Horrela, aipatu bezala, Euskal Herriko txoko guztietan ezarriko dita tramitazio guneak, tokian-tokiko deialdiei jarraikiz, Euskal Herritar oro gonbidatuak daudelarik naziotasun aitormena, era praktiko batean, egitera. 3 argazki, norberari dagokion herriko enpadronamendu ziurtagiria eta 15 euroren truk, "Euskal Herritartasuna lau haizetara aldarrikatuko duen" agiria egin ahal izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun