Auzotar guztiak EHNA egitera deitu ditu Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 10a, 21:11
Bai Euskal Herriari eginiko deiari atxikituz, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) tramitatzeko mahaiak jarriko dituzte Getxon, abenduaren 13 eta 14an. Besteak beste, Algortan, Torrene kaleko Getxo Bizia plataformaren egoitzan egongo da agiria egiteko aukera, 11:00etatik 14:00etara. Erromon, berriz, Lope de Vega kaleko kultur etxearen eraikinean jarriko dute mahaia, 12:00etatik 15:00etara. Getxotar guztiei EHNA egiteko deia luzatu diete Getxo Biziako kideek. Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herriei dagokionez, Erandioko Astrabudua auzoko Josu Murueta plazan, Leioako Bulebarrean, Sopelako udaletxe aurrean, Berangon, Lemoizen, Plentzian eta Urdulizen ere EHNA egiteko aukera egongo da. Horretarako, hiru karnet argazki, udaleko errolda agiria eta 15 euro aurkeztu beharko dira.
Udalbiltza hautetsien bitartez, "era publiko eta eraginkor batez" EHNA egiteko aukera egongo da, asteburu honetan, Euskal Herriko herri eta hiri guztietan. Izan ere, euskal herritar guztiak agiria egin eta erabiltzera bultzatzeko Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren tramitazio egun nazionala deitu du, abenduaren 13 eta 14an, Bai Euskal Herriari herri ekimenak.

Egitasmo horri atxikituz, Torrene kaleko Getxo Biziaren egoitzan (Algorta) eta Lope de Vega kaleko kultur etxearen egoitzan (Erromo) zabalduko dituzte bulegoak Getxon.

125.000 sinadura

Getxo Bizia plataformako hainbat kiderekin batera, Pili Azkorbebeitia udal hautetsiak eta Iker Acero surflariak gaur aditzera eman dutenez, jadanik EHNA daukaten 20 mila herritar inguru dago, gaur egun, Euskal Herrian. "Ukatuta dugun naziotasuna libreki aukeratzeko eskubidea praktikan jartzeko asmoz", 2.000 urtean sortu zen ekimena, 125.000 lagunek sinadura bilketa bitartez Udalbiltzari eskatu ondoren.

Datozen zapatu eta domekan izango diren tramitazio egun nazionalak, EHNA-ri bultzada berria emateko baliatu nahi dituzte, euren ustez, asko eta asko direlako oraindik "ekimena behar bezala ezagutzen ez dutenak edo eskubideen gauzatzearen bidean bere garrantziaz eta praktikotasunaz ohartu ez direnak".

"EHNAren bitartez euskal herritarrak izateko gure borondatea adierazten dugu, gutako bakoitzak egiten duen baieztapena da, ekimen pertsonala da eta aldi berean kolektiboa, pertsona bakoitzaren borondatea besteenekin batera elkartzen delako. Herritarrok herria osatzen dugu", adierazi dute. Euskal Herritarrak izateko borondatearekin batera, Euskal Herriarekiko, dagozkion eskubideekiko eta euskararekiko begirune eta konpromisoa ere adierazi nahi dute.

Hala ere, hauek ez dira EHNA egiteko urtean zehar egongo diren egun bakarrak izango. Hurrengo hilabeteetan ere, astean zehar 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Getxo Bizia plataformako egoitza. Erromon eta gainontzeko herrietan ere, hilean egun bat edo bitan, agiria tramitatzea aurrikusten ari dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun