Etorkinek ere euskaraz egiten dute - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 12a, 22:22
Euskal Herria 2002ko urte hasiera. Neoliberalismoak ezarritako lege ankerrak bultzaturik, munduan beste asko legez Afrikatik familia bat ailegatzen da. Munduan beste asko legez euren herritik kanpo lur arrotz batean sartzen dira: ez dute inor ezagutzen, ez dakite nora jo... Beharrak bultzaturik, apurka-apurka euren herrialdeko jendearekin harremanetan hasi eta zelanbait konponduko dira. Hilabete batzuk pasatu eta, iraila aldean seme-alabak eskolan hasi beharrean aurkitzen dira. Ez dute hemengo hizkuntzarik ezagutzen eta A ereduko ikastetxe bat aukeratzen dute, ez dakigu haiek aukeratuta ala baten batek emandako aholkuengatik. Ikasturtea bukatu, eta umeak gaztelaniaz berba egiteko gai izango dira; euskaraz, ostera, lau berba baino ez dute jakingo.
Ikasturtearen amaieran lan arrazoiak direla eta, familia hori herri euskaldun batera joan beharrean aurkitzen da, hau da, euskara hutsez bizi den herri batera. Esan beharrik ez dago bertako eskolan ere euskara hutsez ari direla (D ereduan), eta A ereduko eskola horrek zer nolako laguntza eman dien teorian gure inguruan ofiziala den euskara ezagutzeko. Beraz kontuak atera ikasturte hasieran zer suposatuko duen Euskal Herriko beste errealitate kultural batekin topo egitea. Euskal Herrian urtebete luzean bizi direlarik, hezkuntza sistemak ez ditu errealitate horretan murgildu: Badakite, bai, gure hizkuntza euskara dela, baina berdin berdin jakingo dute frantziako hizkuntza frantsesa eta ingalaterrako hizkuntza ingelesa dela. Euskarari buruz ez dakite gehiagorik.

Ikasturtea aurrera joan ahala, kosta ahala kosta euskaraz aurreratuz doaz: Ume txikiena bada gai euskaraz zenbait gauza esateko; nagusienari,ostera, gehiago kostatzen zaio baina euskara ondo ulertzen du, eta irakaslearen laguntza dela medio bertso bat ere egin dezake. Eta ez hori bakarrik: Laguntzarekin kantatu ere egiten du.

Eskolan hiru hilabete daramate (herrian bost edo sei), eta halako batean hara non berriz Bilbora joan beharrean aurkitzen diren: Ostera ere etxez aldatzea, ostera ere umeak beste eskola batera bidali... Eta zein eskolatara bidali?. Ezetz asmatu?. BINGO!!. Ostera ere A ereduko eskola batera!!!. “Euskara apur bat badakite, baina zer axola du horrek!!!. Azken batean gaztelaniaz ere ondo moldatuko dira, eta ez dute gauza handirik galduko!!!”. Hori pentsatuko dute, antza, berriz ere A ereduko eskola batera joatea aholkatzen dieten aholkulari prestu horiek.

Hori ikusita, ondorio batzuk atera genitzake:

- A eredu horrek ez du euskalduntzen, umeak ez ditu Euskal Herriko errealitate kulturalarekin lotzen. Zenbaitek inposatutako eredua da, eta zelan edo hala eredu horren jarraipena bermatu behar da; noren bitartez eta, Euskal Herrira heldutako etorkinak bertan eskolatuz. (Eta inork ez dezala “etorkin” hitzetik ezer susmagarri atera).

- Ume horiek ia urte bi daramate Euskal Herrian, eta honezkero euskaldunak izan litezke baldin eta hasiera hasieratik eskola eredu egokietan sartu izan balituzte. Zein da eredu egokia?: Gure herriaren errealitate kulturala ezagutzea bermatzen duen hori, hau da, euskara ezagutzea gaztelania ezagutzen dugun legez.

- Gurasoak ez dira horren errudun, azken batean haiek ez dira hemengo problematikaren jabe. Baina zer esan behar dugu euskal autonomi erkidegoan dauden aholkulari prestuez?. Sarri entzuten dugu komunikabideetan erkidegoko eskola publikoari egiten zaizkion laudorioak. Ez dut ukatzen zenbait arlotan ondo jokatzen duela, baina euskaldunok zer pentsatu behar dugu eskola hori gure herrira datozenak euskalduntzeko gai ez bada?. Eta are gehiago: Zer nolako biztanleria izango du Euskal Herriak etorkizunean?. Bere lurraren hizkuntza ezagutzen ez duena?.

- A ereduak euskalduntzen ez duela, orain ez etorri esaten kanpotik datozenak eskolaratze egokia izan dezaten hori behar dutela; izan ere, apur bat gehiago kostata ere hobe dute gure herriaren errealitate kulturala ondo islatzen duen eredu batean kokatzea, herri euskaldun horietan ume horiekin frogatu den legez.

Bukatzeko, neure eskerrik beroenak hainbat ikastetxe euskaldunetako irakasle guztiei, ume horiei kalitatezko irakaskuntza emateaz gain bertoko hizkuntza ezagutzea bermatzen dietelako. Ia egun batean ume etorkin horiei gure artean bizitzeko eta lan egiteko balio zaien, eta aurrerantzean esperientzia horiek hainbat eskola euskaldunetan berriz ematen diren, jakina, gure hezkuntza sistemak eta mandatari prestuek permititzen badute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun