Sabino Aranaren "arrazakeria" gaitzesteko mozioa aurkeztuko du Leioako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 22a, 20:27
Udalak Sabino Aranaren "pentsamolde arrazista eta demokrazioaren aurkakoak" gaitzetsi ditzan, mozioa aurkeztuko du biharko osoko bilkuran Leioako PPk. Hauen iritziz, "gaur egungo euskal gizartearen gehiengoaren aurka doaz" EAJko fundatzaileak plazaratzen zituen ideiak. Horretaz gain, hiritarrak Sabino Aranaren "benetako izaeraz" jabe daitezen, honek lanak ezagutzera eman ditzala eskatuko dio Udalari.
Xabier Olabarrieta Leioako PPko bozeramaleak gaur adierazi duenez, "xenofobia, arrazismo eta etnizismo kutsu nabariak dauzka Sabino Aranaren ideologia. Hori dela eta, salatu ez ezik, gaitzetsi ere egin beharko luke Udalak". Proposamenarekin batera, EAJko fundatzailearen idatzietatik hartutako 30 aipamen baino gehiago aurkeztuko dituzte PPkoek, "Aranak eratu zuen nazionalismo baztertzailearen eredu direlakoan".

Besteak beste, 'Baserritarra' astekariko 11 zenbakitik ateratakoa adibidetzat jarri du Olabarrietak: "ustelkeria, ahulezia, adimen-galera eta ezjakintasuna dakarzkio halabeharrez gure arrazari euskaldunen eta espainolen arteko harremanak".

Sabino Arana hil zirela ehun urte betetzen direlako EAJk hainbat ekitaldi antolatu izanari erantzuna eman nahi dio PPk. Horrexegatik aurkeztu dute mozioa. Oraindik, bere izena dadamaten kalea eta kultur aretoa daudela Leioan ere salatu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun