Gorlizko VIII Derby Hipikoa ospatuko da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 26a, 20:12
Udalerriko VIII Derby Hipikoa egingo da abenduaren 28an, 12:30etik aurrera, Gorlizko badian. Urtean zehar Kantauriko kostaldeko hondartzetan ospatzen diren zaldi-lasterketen artean, garrantzitsuenetarikoa bilakatu da honako hau. Gainera, aurten, berrikuntzak egongo dira: 'arraza gurutzatu' eta 'odol garbiko' zaldi-lasterketak hasi bitartean, txikienek ponien gainean ibilbidea egiteko aukera izango dute, 11:00etatik aurrera.
Gorlizko Udalak, Gorliz Kirol Elkarteak eta bolondres hainbatek antolatzen dute urtero udalerriko derby hipikoa. José Calzada antolatzaileetako batek adierazi duenez, "sariak eta parte hartzaileen maila ikusita, urteko hiru zaldi-lasterketa hobertenen artean dago Gorlizkoa". Guztira, bost mila euroko aurrekontua dauka. Hondartzan egingo diren hiru karreretan 30 parte hartzaile baino gehiago egotea espero dute antolatzaileek.

Marea behera hasi bezain laster, 12:30ak aldera, ibilbidea markatuko dute antolatzaileek. Besteak beste, bi maila jarri dituzte: bata odol garbiko zaldien lasterketa. Honetan 600, 300, 150 eta 75 euro eta trofeo bana jasoko dute, hurrenez hurren, lehenengo lau sailkatuak. Arraza gurutzatuko zaldien lasterketan, berriz, 500, 250, 125 eta 60 euro eta trofeoa izango dira sariak.

Eguraldiak laguntzen badu, zaldi-lasterketan ikustera jende asko hurbiltzea espero dute antolatzaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun