Biktima-lehiaketa - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 10a, 21:09
Bat batean mundua biktimaz bete da. Guztiok gara edo izan gara inoiz zerbaiten edo norbaiten biktima. Haatik, horrek ez du esan nahi beti eta ongi zehaztuta agertzen direnik egoera horien erantzuleak. Agian, sakonean, horretarako aukera egokia suertatzen bada gu geu ere borrero izan gaitezkeelako susmoa dugulako.
Adibidez, hor dugu Gunther Grass idazle alemaniarraren kasua. Azken mundu- gerraoste gordinean, Alemaniako herriak gertatutako guztian zeukan erantzukizunaren gaia plazaratzeko adorea izan zuen. Ongi. Bada, duela gutxi erabaki du aleman guztiak izan zirela gertaturiko hondamendiaren biktima.

Paul Gilroy idazleak bere aldetik, L’atlantique noir. Modernité et double conscience (Kargo) kaleratutako liburuan Afrika eta Amerika arteko esklaboen komertzioa aztertzeaz gain, hori memoria juduarekin paraleloan jartzen du. Hori bai, edozein konparaketa, esaterako: ‘nor da biktimago, judua ala beltza’, edo ‘nor da biktimen txapelduna’ inmoraltzat hartu eta ukatu egiten du.

Gugandik hurbilago, Sabin Ormazabalek atera berri duen liburua ere logika horretan kokatzen da. Tituluak berak ongi azaltzen du asmoa zein den: Un mapa (inacabado) del sufrimiento. Una recopilación de los efectos de la violencia del Estado sobre miles de ciudadanos de Euskal Herria. Euskaldunok ere biktima izateko eskubidea dugu, alegia.

Espainolek ere, nola ez, eskubide bera aldarrikatzen dute. Jose Mª Callejak bere Héroes a su pesar liburuan, heroi horietako bat, Fernando Múgica Herzog, horrela definitzen du, orden honetan: “judío, socialista, abogado y culto”. Adierazi nahi du, modu horretan, haren heriotzak judu izatearekin izan zuela zerikusia lehenbizi, eta hortaz, hura hil zuena automatikoki “nazitzat” kalifikatuta gelditzen dela. Jakina denez, juduak munduko biktimen txapeldunak izateko kandidaturik serioenak dira. Eta horretaz ongi baliaturik ere, Israelgo gobernuak palestinarrekin egiten ari den sarraski okaztagarria justifikatzeko, kritikatzen duen oro ‘antisemitatzat’ dauka, nazien pareko beraz, eta zer esanik ez, bere burua sakrifikatuz israeldar batzuk erditik kentzen dituen militanteak ere, antisemitismoaren gorrotoak jota aritzen omen dira.

Intelektualki gauzak ikusteko oso modu erosoa dugu hau, egoera zehatzetan benetan zer gertatzen den eragozten diguna. Edozein gatazka hartuz gero, dena agertzen da nahaste-borraste izugarrian eta informazio ugari jaso arren ez dugu ezer ulertzen, konstatazio ukaezin hau salbu: egoera guztiek, edozein dela ere, biktimak sortzen dituzte. GUZTIOK gara zerbaiten biktima, baina, aldi berean, misteriotsuki, geuk ere biktimak sortzen ditugu. Axioma edo abiapuntu bitxi honek ez gaitu inora eramaten, eta azalpen konplexuagorik automatikoki baztertzen duenez, tutik ulertu gabe segituko dugu. Bazter dezagun beraz, biktimismoaren errekurtso argiegia eta errazegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun