Getxoko Udalak atzera bota ditu 192 hiritarren alegazioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 15a, 18:06
Getxo Biziak eskatuta orain dela aste batzuk 192 getxoztarrek zerga ordenantzen kontra jarritako alegazioak atzera bota direla jakinarazi die Getxoko Udalaren idazkari nagusiak hiritarrei.
Getxo Bizia plataformak bultzatutako alegazioetan hiritarrek quorumik gabe onartzeagatik zerga berriak legezkoak ez zirela esan zuten beren idazkietan. Quorum eza azaltzeko, auzokideek Getxo Biziak ateratako ia 3.000 botuengatik Pilar Askorbebeitia plataformako zerrendaburuari dagozkion zinegotzi kargua eta botua Aitor Lafuente Ezker Batuko kideak lapurtu dituela gogoratu zuten. Era horretan, hamahiru botuekin onartutako zerga ordenantzak bertan behera gelditzea eskatu zuten 192 hiritarrek, Getxo Biziaren botua ezezkoa izan behar baitzuen, alegia, Aitor Lafuentek bozkatutakoaren kontrakoa.

Era berean, hiritarrek alegazioetan gehiegizko igoerak egiteagatik kritikatu zituzten onartutako zerga berriak.

Getxoko Udaleko idazkari nagusiak alegazio hori aurkeztu zuten 192 getxoztarrei egunotan bidali dien gutunean 2003ko azaroaren 28ko Getxoko Udaleko Batzar Osoaren aktaren zati bat ekarri du gogora. Bertan, Ogasun Batzordearen proposamenez alegazio guztiak "aplikatutako gehikuntzak eta onesteko 'quoruma' egokiak izan direlako eta bat datozelako zuzenbidearekin" atzera bota zirela jaso da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun