EAJren etxebizitza politika "negargarri" jo du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 16a, 22:17
Etxebizitza arloari dagokionez, EAJk "kudeaketa kaskarra" darabilela salatu du gaur Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak, Eduardo Andrade eta Mercedes Pérez zinegotziekin batera egindako agerraldian. Bere hitzetan, "udalerria Espainiako garestienetakoa bilakatzea" eragin du horrek. Merkatu libreko etxebizitza hizpide, jeltzaleek Herri Antolaketa Plan Orokorra garatzeko inolako asmorik ez dutela kritikatu du Arruek, "orain dela bi urtetik indarrean egon arren, dauden sei egitasmoetatik bat bera ere ez baitute garatu". Horrek etxebizitzen garestitzea ekarri du, bere ustez.
Babes ofizialeko, gizarte arlorako zein tasaturiko etxebizitzei dagokienez, "negargarri" jo dute popularrek, EAJren eta Udal Gobernuko beste kideen lana. "Etxebizitzak egiteko lurrak erosi nahi izanez gero, gutxirako balioko dute horretara bideratutako 200 milioi pezeta ziztrinek", adierazi du Arruek.

Azkenik, udalerrian, babes ofizialeko etxebizitzen eskaera handia dela azpimarratu du PPko bozeramaleak. Azaldu duenez, "3.400 lagunek egin dute eskaera, salneurrien ehuneko 19,7ko igoerak Getxotik joatera edota gurasoen etxean geratzera behartzen dituelako gazte asko". Populerren ustez, "getxoztarrei iraintzea" da, oraindik Etxezuriko 32 etxe baino ez zozketatu izana.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun