Ez ete du inork morroi hau geldiaraziko? - Unai Brea / Kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 16a, 22:37
Lurra txiki bilakatu zaio, nonbait. Berton konkistatzeko ezer gutxi geratzen zaiola-eta, George Bush eskuin muturreko fanatikoak Ilargiari begiratzen dio orain. AEBetako enbaxada ireki gura du han, barra eta izardun bandera zoluan tinko ezarri eta beharbada guztiona ei den satelitea berrogeita hamaikagarren estatu izendatu. Pena da (Bushen ikuspegitik, jakina), Ilargian ez dagoela biztanlerik (dakigunez behintzat; egotekotan, oso ondo ezkutatuta egon dira orain arte, eta are hobeto ezkutatuko dira Bushen asmoen berri jakin bezain laster), eta konkista berria nahiko era paketsuan egin beharko duela Etxe Zurikoak, ohi eta atsegin duen estilotik urrun samar.

Biztanlerik ez badago, nori egotzi terrorismo delituren bat edo suntsipen handiko armak AEBen baimen barik egin izana? Nor zanpatu? Nor hil? Izan ere, bada petroliorik Ilargian? Ez dirudi. Martera bialdu duten tramankuluak ere jo ta ke dihardu inbasio baterako aitzakia bila (eurek ikerketa zientifikoa egiten ari direla diote, baina nik ez dut sinesten), eta oraingoz ez du tutik topatu.

George Bush Historiako tiranorik handienetako baten modura agertuko litzateke etorkizunean, Historia idazten dutenak beraren diskurtsoak idazten duten berberak ez balira. Horren ordez, mundu honetara pake santua ekarri zuen eta Ilargiko pakea betiko urratu zuen gizontzat agertuko da. Berriki jakin dugu Iraken inbasioa 2001eko Dorre Bikien aurkako erasoa baino lehenagotik zegoela erabakita, baina bost axola; AEB pakearen eta demokraziarik berme sendoena da planeta zahar honetan, eta hala onartzen ez duenak egurra baino ez du merezi.

Mundua zorotuta dagoela aspalditik genekien, baina oraintxe ari gara konturatzen bertan agintzen duena ere zoro samarra dela. Zoro arriskutsua gainera. Txoko honetatik, erretiroa lehenbailehen har dezala opatzea besterik ez zaigu geratzen. Eta ahal dela, Ronald Reaganek bezain osasuntsu goza dezala. Baina erne: ondotik etorriko dena beharbada are okerragoa izango da. Ameriketan edozer da posible.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun