Bizkaiko ikastolen arteko kross txapelketaren finalak igandean Betiko ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 23a, 20:57
Azken urteetan bezalaxe, aurten ere, Leioako Betiko Ikastolak Bizkaiko ikastolen arteko kross txapelketaren zati bat antolatu du (finalak). Txapelketa Ander Deuna, Asti Leku, Andra Mari eta Betiko ikastoletan burutu da aurten. Azken honek, antolatzen duen zortzigarren krossa du datorren igandekoa. Baina, osotara, Bizkaiko 16 ikastola dira bertan parte hartzen dutenak eta 350 ume inguru bildu ohi da lasterketetan. Gogoratu beharra dago krossa igande honetan burutuko dela (urtarrilak 25) Betiko Ikastolan, 10:30etatik aurrera, Ibilaldia 2004ko aurreko ekitaldien barruan.
Ekimenaren helburua euskara eta heziketa bultzatzea izango da, heziketa partehartzailea bultzatuz alde batetik eta kirola euskaraz egin daitekeela aldarrikatuz, bestetik. Hori dela eta erabiliko diren bitarteko guztiak euskaraz izango dira: bai kartelak, egunean zehar erabiliko den musika zein bertan zabalduko den informazioa, guztiak izango dira euskaraz. Horrekin guztiarekin batera indibidualtasuna eta lankidetza ere landu nahi dira. Indibidualtasuna ume bakoitzak ahalegin pertsonala egin beharko duelako eta, lankidetza, gainontzeko kideak kontuan hartzen direlako.

Froga egiteko, neska eta mutilak, nor bere aldetik eta adinaren araberako bost azpitaldetan banatuko dira. LH eta DBHko maila guztietako haurrak izango dira. Lasterketa, Artatza parketik irten eta Betiko ikastolan bukatuko da. Mailaren adina igotzen doan einean, lasterkariek bira gehiago emango diote zirkuitoari.

Sariei dagokionez, esan beharra dago parte hartuko duten haur guztiek jasoko dutela sari bana lasterketa bukatzerakoan. Beste alde batetik, diploma banatuko zaie maila bakoitzean helmugara iristen diren lehen 10 korrikalariei. Gainera, oraingoan finalak direnez, txapelketa osoan zehar partehartzaile gehien ekarri dituzten ikastolak, sarituak izango dira baita ere.

Antolaketan parte hartzeko deia

'Elkarregaz heldu' lelopean, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Leioan egingo da maiatzaren 30an. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia2004@yahoo.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun