"Komunikazio Tour" non eta Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 30a, 20:18
Boikotak eta debeku eskaerak gora eta behera, dena prest dago, bihar, arratsaldeko zortzietatik aurrera, Fermin Muguruzak Algortako Portu Zaharrean jarritako karpan emango duen kontzerturako. Izan ere, "Inkisizioa gogorarazten duten jokabide autoritrioak, ez dira Getxon onartuko", Iñaki Zarraoa alkateak asteazkenean adierazi zuenez. Hain zuzen, pasa den astean, Marisa Arrue PPko bozeramalea izan bazen emanaldia bertan behera uzteko eskatu zuena; Zarraoari erantzun nahi izan dio gaur Luis Almansak. "Demokrazia, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik, artista askok mehatxuak jasotzen dituzten bitartean, terrorismoaren apologia egiten duten abeslari abertzaleei babesa" ematea egotzi dio alkateari PSE-EEko ordezkariak.

Dena dela, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako "Kantuketan 2004" jardunaldiek aurrera darraite. Eta, duda barik, Euskal Herriak eman duen abeslaririk handienetariko bat ekarriko dute Portu Zaharrera. Hamabi musikarik osatutako taldearen laguntzaz, "Komunikazioa Tour" ikuskizuna eskainiko du bihar Fermin Muguruzak. Besteak beste, eszenatokien gainean emandako urte guztien errepasua egiten du bere azken lanean, abeslari irundarrak, "In-komunikazioa" abiapuntutzat hartuz. Kortatu eta Negu Gorriaken kantuekin ere edukiko ditu gozagarri batek baino gehiagok. Ohikoa denez, jazz, soul, reggae, ska, funk, hip hop, rocka edo euskal folka bezalako erritmoak nahastuko ditu Muguruzak punkaren energiarekin.
Talde faxisten mehatxuak zirela eta, Euskal Herritik kanpo hainbat kontzertu suspenditu behar izana gutxi balitz, Getxoko PP eta PSE-EE ez dira motz gelditu. "Kantuketan 2004" jardunaldietan Fermin Muguruza abestu behar zuela jakin zutenetik, etengabe eskatu dute emanaldia bertan behera uztea. Are gehiago, "borroka armatua defendatzea, biktimak umiliatzea eta Euskal Herriaren ustezko opresioa salatzea" egotzi zion irundarrari Marisa Arrue popularren bozeramaleak.

"Askatasuna eta aniztasunaren defentsan"

Hala ere, hasiera hasieratik, emanaldiarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuen Getxoko Udalak, "askatasunaren eta aniztasunaren defentsari eusteko", Zarraoak adierazi zuenez. Gutun bidez Arrueri emandako erantzunan, "inolako frogarik gabe" salaketan egitea leporatu zien popularrei. Are gehiago, euskal musikari eta artistek jasaten ari diren boikotei erantzuna emateko, Getxoko kultur egitaraua prestatzean "lehentasuna" emango ziela hauei gaineratu zuen alkateak.

Adierazpen hauengatik, "borreroen alde" egitea leporatu dio Luis Almansak. "Terroristen erasoak direla Euskal Herritik kanpora joan behar izan direnengatik inoiz ez du txintik ere esan Zarraoa jaunak", adierazi du Getxoko PSE-EEko bozeramaleak. Azkenik, alkateak "berriro ere bere benetako izaera erradikal eta demokratikoki zalantzagarria" agerian utzi duela aipatu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun