Ikastetxeek txango ekologikoak egin ditzaten 22 mila euro eman ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 2a, 22:10
Getxoko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol sailak, 22.476 euroko dirulaguntza onartu du udalerriko ikastetxe publikoen Gurasoen Elkartetako Federazioari emateko, horrek ingurumenarekiko egitasmoaren barruan egiten dituzten ekimenak aurrera eraman ditzan.

Lehenengo Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta dauden ibilbide ekologikoak egitea da xedea. Egitasmo berberak, baino Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak diruz lagunduta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleekin du jarraipena. Aipatutakoez gain, Helduen Hezkuntza Iraunkorraren bi taldek ere hartzen dute parte.
Ingurumenarekin lotuta dagoen ekimen honetan Lehen Hezkuntzako 137 taldek hartzen dute parte. Iazko ikasturtean, 2002/03an, guztira, 2.740 ikasle izan ziren horren barne. Lehenengo urtean, ekosistemen ikerketari ekiten diote, eta horretarako zuhaizkak eta hormak izaten dituzte aztergai; eta bigarrenean, baserritarren mundua ezagutzeko aukera dute. Ikasgelan ematen diote hasiera lanari, gero tokian bertan ikusiko dutena ezagutzeko. Udalerritik egingo duten ibilbide ekologikoa izango dute hurrengo urratsa.

Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez, ekimenaren helburua da "umeek ingurumena ezagutzea eta kontzientziazio maila handitzea, maitasuna sortzea etorkizunean errespetuz ibil daitezen eta jasangarritasuna xedea izanik. Bizitzan ezinbestekoa duten inguru giroan ikasleak sartu eta horrekiko ezaguera indartzea."

Eskolako antzerkirako egitasmoa

Beste alde batetik, Udal Gobernu Taldeak 32.300 euroko dirulaguntza onartu du udalerriko ikastetxe publikoetan antzerkia sustatzeko lan egiten duen Getxoko Ume Antzerkia Bultzatzeko Elkarteari emateko. Ekimen horren bidez, ikastetxe publikoei eskaintzen dizkiete antzerkiarekin lotura dituzten ekimenak, batzuk eskolako ordutegiaren barruan egiteko, beste batzuk,ordutegitik kanpo egiteko. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik, Bigarren Derrigorrezko Hezkuntzako 2. mailara bitartean egiten dute. Ikasturte honetan, 620 ikaslek hartzen dute parte horretan 31 taldetan banatuta; 16k euskaraz lantzen dute antzerkia euskaraz eta beste 15ak, berriz, gaztelaniaz. Astean, 47 bat orduz jorratzen dute.

Egitasmo horren bukaeran, ekainean Getxo Antzokian egiten diren Eskolako Antzerki Jardunaldiak daude. Horietan, ikasleek, ikasturtean zehar prestaturiko antzezlanak aurkezten dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun