Laguntza eskolarra emateko egitasmo berria abian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 5a, 23:24
Agintzari Elkarte Kooperatibak eramango du aurrera, udalerriko gazteei laguntza eskolarra eskaintzeko Getxoko Udalak abaian jarri duen programa. Eskolarekin harreman eskasa edota emaitza txarrak lortzen dituzten adingabekoei dago zuzenduta. Horretan, 15.775 euro gastatuko du Udalak.

Nerabeak ez-ezik euren familia ere gizarteratzeko, duela urte batzuk, Getxoko Udalak martxan jarritako egitasmoaren jarraipena da. Horretan, hezitzaileak ari dira lanean kalean bertan, udalerriko ikastetxeek ematen dieten informazioaren bidez, eskoletara joaten ez diren adingabekoei laguntza eskaintzeko.

Gaur egun, pedagogoek eta psikologoek osatutako lau talde ari dira ume eta gazte horiei laguntzen, baita horien familiekin ere. Askotan, familiaren esparruan ematen diren arazoek eragin zuzena dutelako adingabekoen jarreran.
Umeen eta gazteen bilakaera aztertzen duen egitasmoa da, eta horiek eskolara itzul daitezen ahaleginak eta motibazioak dituzte abiapuntu. Baina batzutan, aipatutako motibazioa nahikoa ez dela ikusten dute adituek. Hori dela eta, ikasketak behar bezala garatzeko laguntza ezinbestekoa jotzen dute, adingabekoen gaitasuna ikasteko egokiena izan dadin. Azken hori jorratu nahi dute egitasmo berriaren bidez. Iñaki Zarraoa alkateak aditzera eman duenez, "eskolatik kanpoko laguntza eskaintzean datza zerbitzua, bizi izan duten egoera latzaren eraginez galdutakoa berreskura dezaten. Horregatik jarri dugu abian zerbitzu berria".

Hiru helburu ezarri dituzte. Alde batetik, eskolan etekinak lortzeko, eta jarrera eta ohiturak hobetzeko behar dituzten baliabideak ematea adingabekoei; bestetik, hezkuntza prozesu horretan familiaren laguntza lortzea. Eta azkenik, ikasleekin lana egiten duten profesionalen, irakasleen eta familiaren arteko elkarlana sortzea. Hiruren artean arazoa gainditzea lor dezaten.

Ekimen berriaren arduraduna, gaur egun abian dagoen gizarte integraziorako programa garatzen duen Agintzari Elkarte Kooperatiba izango da. Adingabekoek, bi begirale izango dituzte laguntza emateko. Alkateak esan duenaren arabera, "ikusten badugu egitasmoak emaitza egokiak ematen dituela, aurrera jarraituko dugu hurrengo ikasturtean, edo bestela, agertzen diren beharren arabera egokituko dugu". Beraz, orain sinatuko duten ituna, urtarriletik ekainera bitartekoa izango da, oraingo ikasturteko epea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun