Haurren matrikulazio epeari begira, B eta D ereduak bultzatuko dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 11a, 22:58
Datorren otsailaren 16tik 27ra izango den haurren matrikulazio epeari begira, "Euskarazko Eskola Aukerakoena" kanpainari ekingo dio Getxoko Udalak. Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei hezkuntza eskolatze-ereduen berri ematea da helburua, euskarazko irakazkuntzak dituen alderdi onak azpimarratuz. Elena Coria zinegotziak adierazitakoaren arabera, D eta B ereduak dira egokienak gure haurrak elebidun izateko: "Txikitatik hobeto barneratzen da, adituen esanetan, hizkuntzaren fonetika eta intonazioa. Gainera, 0 eta 6 urte bitarteko epea da egokiena bigarren hizkuntza bat ikasteko". Hain zuzen ere, 2 eta 3 urteko umeei dago zuzenduta kanpaina.
Aurtengo kanpainan Bizkaiko 21 udalerrik eta 3 mankomunitatek hartuko dute parte modu bateratuan. Herri horietan 690 mila lagun bizi dira eta hauetatik 13 mila familiek jasoko dute kanpainaren berri etxeetan. Alkarbide foroak koordinatua datorkigu egitasmoa.

Getxori dagokionez, hizkuntza-sistemen ereduei buruzko argibideak eskaintzen dituen liburuska bidaliko da, bi eta hiru urteko umeak dituzten 1.500 familien etxeetara. Izan ere, gurasoei beren seme-alabentzako hizkuntz ereduak hautatzen lagundu nahi die kanpainak. Horrekin batera, Iñaki Zarraoa alkatearen gutuna ere bidaliko zaie, non Bizkaian umeak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoen artean dagoen joera azaltzen den. "Heziketa euskaldun eta hizkuntza anitzekoa aukeratzen dute, gure gizartearen borondatea agerian utziz", Zarraoak aipatzen duenez. Ikastetxe eta haurtzaindegietan ere kanpainaren berri izango dute, eta gutunekin batera, kamiseta jasoko dute eskolan hasiko diren neska-mutikoek.

Hamar umeetatik erdia D ereduan

Getxon, 2003-04 ikasturtean, 3 urteko hamar umeetatik, bostek D ereduan egiten dituzte ikasketak, hiruk A eredua aukeratu dute eta bik B ereduan ari dira.

2004-05 ikasturterako, berriz, otsailaren 16tik 27ra izango da Getxoko ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako matrikula egiteko epea. Besteak beste, familiako erroldatze-ziurtagiria, Familia-liburuko fotokopia, Errenta Aitorpenaren fotokopia eta zentro bakoitzean bertan hartu beharreko eskariorria (behar bezala beteta) aurkeztu beharko dute gurasoek.

Ikasleak onartzeko irizpideei dagokionez hauek hartuko dituzte kontutan:

- Ikastetxea etxetik hurbil egotea, urtean sartutako errentak edota zentroan senideren bat izatea.

-Ikastetxe bat baino gehiago aukeratu daiteke onarpenaren ordena seinalaturik eta eskaera lehendabizi hautatutako ikastetxera eramanez.

-Eskaera ikastetxe bat baino gehiagora aurkeztuz gero bere eskubidea galduko du eskatzaileak.

-Ikasleak haren barrutitik kanpoan dagoen ikastetxeren batean matrikula eginz gero, bere eskubidea galduko du jantokiko eta garraioko dirulaguntzak hartzeko.

- Agiriren bat falta bada, dagokion puntuazioa galdu egingo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun