Lankidetza akordioa sinatu dute Aldundiak, Demak eta Plentziako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 12a, 20:41
Sabin Arana Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza diputatuak, Juan Hernandorena Dema-Enpresa Garapena elkarteko zuzendari-gerenteak eta Nicolas Oñate Plentziako alkateak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, enpresa berrien aholkularitzarako, Eskutik egitasmoa abian jartzeko udalerrian. Balmaseda, Bermeo, Urtuella, Alonsotegi, Gordexola, Portugalete, Santurtzi, Trapaga, Muskiz, Zierbena, Abanto, Sestao, Gueñes, Zornotza, Lekeitio, Durango, Zalla, Leioa, Erandio eta Txorierrin egin zuten antzera, Plentziako Udala batu da oraingoan egitasmora.
Demak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak diseinaturiko egitasmoa da Eskutik, eta enpresa-kudeaketa arlo ezberdinetan aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie dohainik sortu berriak diren lurraldeko enpresei. Enpresaren hastapenetan, sustatzaileak aholkatzea da helburua, ondorengo urteei begira, horren jarduera sendotzeko asmoz. Baldintza bakarra Bizkaian helbideratuta dagoen enpresa sortu berri izatea da.

Enpresa bakoitzari aholkulari bat jartzen zaio, eta aldizkako bilerak egiten dira berarekin urtebetean, zerbitzuak irauten duen epea, alegia. Aholkularitza lan hori hiru arlotan sailkatzen da: Finantza-azterketa, Marketing Egitasmoa; eta Betebehar Legalak eta Fiskalak.

Euskal Parkea

Gainera, egitasmo horretan parte hartzen duten enpresek Demak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu eskura ditzakete, eta azoka, publizitate, ponentzia, ekitaldi eta informazio buletinetan parte hartu. Beste alde batetik, Euskal Parkean sartzeko aukera izaten dute enpresek, hau da, teknologia berrietan eta merkataritza elektronikoan interesa daukaten enpresa bizkaitarrak biltzen dituen enpresagune birtuala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun