Jose Antonio Agirre Herriko Ohorezko Seme izendatu nahi dute Getxoko EAJ eta EAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 13a, 22:02
Udal Gobernu Batzordeak Jose Antonio Agirre Getxoko Ohorezko Semea izendatzea proposatuko du hurrengo osoko bilkuran (otsailak 27). Izendapen hau, hain zuzen, udalerrian jaio ez diren pertsonentzako ohore eta goraipamenik handiena da, 1995eko urtarrilaren 27ko udalbatzan onetsitako Ohore eta Goraipamen Arautegian aurreikusitakoaren arabera. Martxoaren 6an ospatuko da Agirreren jaiotzaren urteurrena.

EAJk eta EAk egin dute proposamena Jose Antonio Agirre jaio zenetik urteurrena laister beteko delako. Iñaki Zarraoa alkatearen esanetan "Agirreren jarduera, profesionala zein politikoa oso aipagarria izan zen, eta horrexegatik merezi du guk horrelako ohorea ematea". Getxoko Udalak bere senitartekoei Getxoko Ohorezko Semearen aipamena emateko protokolozko ekitaldia aurreikusi du, Udaletxeko areto nagusian bertan ospatuko dena.
Joxe Antonio Agirre Bilbon jaio zen 1904an eta Parisen hil 1960ean. Aurreneko Euzko Jaurlaritzak izan zuen lehenengo lehendakaria. Urduñan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak, amaitu ondoren abokatu-lanetan hasi zen. Familia katoliko batean hazitakoa zenez, gaiarekiko sentsibilitate berezia zuen. Bizkaiko Gazte Katolikoen lehendakaria izan zen. Nazionalismoa ere oso barneratua zeukan; Miguel Primo de Riveraren diktadura aurretik EAJko kidea zen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean agertu zen lehenengo aldiz jendaurrean (1931-IV-14); garai horretan Getxoko alkatea zen, jadanik abokatu-lanak bazterturik zeuzkan eta politikan sartua zen guztiz.

Bizkaiak eta Nafarroak Madrilgo Gorteetako diputatu hautatu zuten aldi berean (1931); Gorteetan "Minoria Vasco-Navarra"-ren idazkaria izan zen. Hizlari onaren fama hartu zuen Madrilen. Diputatu berrautatu zuten, oraingoan Bizkaitik bakarrik (1932 eta 1936an). Francoren altxamenduaren ondoren, Espainiako Gerra zibilean Gorteetan Euskal Autonomi Estatutua onartu zen (1936-X-1) eta sei egun beranduago, Gernikan bilduriko alkateek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten (1936-X-7). Gobernuburu zela, Europako aliatuen batasun politikora hurbildu zen, ordena publikoa mantendu, eliz ospakizunak berrezarri eta gudariak eta miliziak antolatu zituen; Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen. Bilbo Francoren eskuetan erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen Euzko Gudarosteko buruekin batera (1937); Miarritze, Paris eta Bartzelonara izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin.

Europan Bigarren Mundu-Gerra hasi zenean Frantziara itzuli nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Arrisku larrian zegoen Gestapoa, polizia frantsesa eta frankistak bere atzetik baitzituen; hala ere, Berlinera joan zen eta handik, nola hala, Ameriketara pasatzea lortu zuen (1941-VII-31). Gorabehera hauen berri "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" liburuan eman zuen. New York-eko Columbia Unibertsitatean historia garaikideko irakaslea izan zen. Parisera itzuli zen eta, Erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakari moduan, Euskal Herria frankismoaren eskuetatik askatzeko lan egin zuen (1946). Parisen hil eta Donibane-Lohizunen ehortzi zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun