No comment - Josu Esnaola / Bizarra Lepoaneko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 18a, 22:49
Bai & bay lotsagabeki plagiatuz kanpaina berri bati ekin dio Eusko Jaurlaritzak, hauteskunde kiratsa darion kanpaina horietako bati. Baina kiratsak sor dezakeen goragaleaz gain edota plagioak adierazten duen sormen antzutasunaz haratago, mezua bera ere, euskal herritar askorentzat iraingarria delakoan nago, niri, behintzat, odola irakiten jarri dit.
Pentsatzen dut jakingo duzuela zein kanpainaz ari naizen. Bai, barkatu, bay, azkenean gure gaitz guztien sendabidea. Ibarretxeren planak aurreikusten duen erreferendumaz ari zela pentsatu dut hasieran: Euskaldunok Euskadirentzako etorkizun hobeari bai esateko aukera dugu orain. Gero hobeto begiratu eta konturatu naiz ezetz, ez zela Ibarretxeren planaz ari, abiadura handiko trenaz baizik. Poztu eginaz, izan ere erabakietan herritarrek parte hartze zuzena izatearen aldekoa izan naiz beti, are gehiago gure etorkizuna epe luzera hipoteka dezaketen egitasmoez ari bagara, ze hori guztia gure poltsikoetatik aterako den diruaz ordaindu beharko dugu, urte luzetan zehar ordaindu ere.

Baina ez, aitortu behar dut oker nenbilela, ze jarraian zera zioen: Eta honetan denok gaude ados. Beti bezala beste norbaitek hartu du erabakia gure izenean, izan ere aitatxok badaki zer komeni zaigun. Erreferendum usainik inondik ere ez, badaezpada, gerta bailiteke hainbatetan bezala erantzuna euren gogokoa ez izatea. Halako zerbait gertatu zitzaien Lemoizeko zentral nuklearrarekin, Xabierrek eraiki ezean azak jan beharko genituela esan zuen hartan, edota NATOren inguruko erreferendumean alderdi jeltzalea sartzearen alde agertu bazen ere “Hego” Euskal Herriko lau lurraldeetan ezezkoa nagusitu zenean, edota Maltzaga-Gasteiz autopista eraikitzeko lanak zuritu nahian Deba bailarako hainbat herritan Herritarrek Partehartzeko Guneak edo lan-mahaiak sortu eta bertako emaitzak baztertu behar izan zituztenean, edota Amorebieta-Etxanon Zornotza Bizirik plataformak antolatutako herri-erreferendumaren emaitzaren aurrean.

Horregatik erabaki dute denok gaudela ados, “EuskalYa” horrek ustez kaltetuko dituen herrietan Abiadura Handiko Trenaren aurkako plataformak egon arren edota Jaurlaritzan gobernu-kidea duten IU-EB bera ere aurka agertu arren. Horregatik diote: Herri oparo, moderno eta gaur-gaurkoa jarri dugu martxan denon artean; euskaldunok nahi dugun herria alegia. Ni euskalduna naiz eta ez nago ez modernitatearen ezta oparotasunaren aurka, baina nik nahi dudan herria euskal herria da eta ez estalki dotorez apaindutako erdal herria.

Oraintxe dugu Euskal Yari baietz esateko aukera. Nola? Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartuz? EAri ala EAJri botoa emanez? Ibarretxe planaren alde agertuz? Orain hasi naiz ulertzen zer esan nahi duten “Euskadi será lo que los vascos y las vascas quieran que sea” diotenean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun