Inauteriak otsailaren azkeneko asteburuan egingo dituzte Algortako ostalariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 19a, 14:19
Urtero antolatzen den mozorro lehiaketa otsailaren azkeneko asteburuan egingo dutela iragarri dute Algortako ostalariek. Halaber, asteburu horretan egingo diren ospakizunak baimentzea eta tabernen izteko ordua luzatzea eskatu diote Iñaki Zarraoa alkateari. Nahiz eta Udaletik ezezkoa jaso, mozorro lehiaketa berdin-berdin egingo dute, protesta kutsu batekin. Hori bai, izteko ordua luzatzerik ez badago, nahiz eta jaia ospatu, ordutegi ofiziala errespetatuko dutela ziurtatu dute ostalariek: goizaldeko 1:30ean edo 3:00etan, taberna bakoitzaren kategoriaren arabera.
Getxoko Udalarekiko desadostasuna adierazi zuten atzo, prentsaurrekoan, 14 lokaletako jabeek. Gogoratu zutenez, "Algortan Bilbon baino astebete beranduago ospatu dira beti Inauteriak". Eta Iñaki Zarraoa alkateak berak igaz hartutako konpromisuari buruz jardun ziren: "Ospakizuna dinamizatuko zuela hitz eman zuen, auzoa girotzeko musika emanaldiren bat antolatuz. Baina, beti bezala, eurek ez dute gauzarik antolatzen, ezta guri ezertxo ere egiten uzten", salatu zuten.

Eguneroko jardueran ere Udalaren jarrerarekin oso kritikoak dira ostalariak: "Herriari bizitazuna emateko, kontzertuak, antzezlanak eta monologoak antolatu nahian gabiltza, eta trabarik baino ez dizkigute jartzen".

Aurtengo Inauteriei begira, "elementu tradizionalak barneratuz, udalerrian ohitura dena hartuko duen ospakizuna" egitea hitz eman omen zuen igaz Zarraoak. Hala ere, atzo adierazi zuenez, haurrentzako ihauteriak antolatzeaz arduratuko da Kultur Etxea, "eta besteak ostalarien esku utzi dira". "Zer edo zer osatu behar bada, datorren urtean hasiko da antolaketan Getxoko Udala", alkatearen hitzetan.

Ordu luzapena otsailaren 20 eta 21ean baino ez

Getxoko Udalak otsailaren 20 eta 21ean baino ez du aurrikusten, Inauteriak direla eta, ostalaritza lokalen izteko ordua luzatzea. Horrela, 2. taldean sailkatutako lokalak, 2:30era arte izango dute eta 3. taldean sailkatutakoak, 4:00ak arte.

Kasu bietan, ezartzekoa izango da Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 28ko 210/98 Dekretua, xedapen honen oinarrian aipatu dugun 296/97 Dekretua aldatzen duena. Musika isildu, makinak itzali, eta lokalera sartzeko ateak itxi ondoren, ahalegina egingo da bezero berririk sar ez dadin, eta ordu erdiko tartea izango da barruan daudenak kanporatzeko.

Udal arduradunek adierazten dutenez, Udaltzaingoak ordutegia betearazteko behar diren neurriak hartuko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun