Epailez mozorrotuta daude

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 19a, 23:27
Aratuste edo inauterien garaian gaude eta hori nabaria da. Iragan den otsailaren 19an Felliniren film surrealista baterako gidoia izan zitekeena ikusteko aukera izan genuen Gernikan epaitegia euskalduntzeko gose grebako 9. txandako talaiatik.

Ondarruko bi seme-alabek epaiketa zeukaten Gernikako epaitegian. Eta biak euskaldunak eta biak Gernikako epaitegiari intsumituak izanda epaileari gogoratu nahi zioten epaitegia euskaldundu arte ez dutela onartuko epaitegiaren jurisprudentzia. Informazioan epaiketa non burutu behar zen galdetu zutenean Kafkaren usaina hartu zuen egoerak: egun horretan ez zegoela epaiketarik esan zien bulegari batek. Espedientea begiratu ostean, okerrago: “Epaiketa egin zen... otsailaren 2an”. Intsumituek haserre bizian azaldu zuten zelan urtarrilaren 19an aurreko epaiketa saioa izan zuten, zelan epailea anderea euskalduna zen –Gernikara bidali eta ti-ta batean beste leku batera mugitu zutena–, baina epaiketa atzeratu zela epaileak sasi-fiskal erdaldunaren eskaria (bere ustez, itzultzailea behar zen) onartu ostean. Era berean, epaileak otsailaren 19rako hitzordua eman ziela azaldu zuten, beraiek eta senideek horrela entzunda. Aktan, aldiz, otsailaren 2ko data (inputatuen sinadura barik). Gezurra esan zien epaileak ala sasi-idazkari erdaldunak ez zuen ulertu epaileak esan zuena?
Nazio arazoa

Horrelako gertaerak (itzultzailearen inposaketa, euskara erabiltzearen ukapena, itzulpengintza kostuak epaituari kobratu nahi izana...) ez dira soilik Gernikan izaten, 2003ko maiatzaren 7an EHEk eta hainbat kaltetuk aurkeztutako “Euskaldunoi justizia zor zaigu” dokumentuan oinarrituta zabaldutako justizia erdaldunak sorturiko kaltetuen zerrendako kideok arazoak izan ditugu Baionan, Gasteizen, Iruñean, Getxon, Bilbon eta Gernikan. Era berean, badakigu kasu gehiago daudela Bergaran eta Donostian, beste herri batzuk aipatzearren. Hortaz, Euskal Herria zatitzen duten administrazioetako justizia sistema guztietan (EAEn, Nafarroako erkidego foralean, Ipar Euskal Herrian eta, zer esanik ez, Trebiñun zein Trutziozen) arazo berbera dago.

“Euskaldunoi justizia zor zaigu” dokumentuan jaso genuen bezala, “Euskal Herriaren justizia administrazioen luze zabalean nozitzen ari da arazoa. Komunikabideetan berriz, isiltzen ez den kasuetan agerpen isolatuak bailiran aurkezten dira. Eta guretzat, (...) herrialde ezberdinetan iturburu berberetik datozkigun ondorioez ari gara. Euskaldunok justizia administrazioetan ez ditugu gure hizkuntza eskubideak erdaldunen pareko. Gehienez, atzerritar bagina bezala hartuak garelarik”.

Justiziak sorturiko kaltetuen zerrenda

Agerpen isolatuen isla ez izateko, zerrenda abiatu genuen kaltetu guztiak batzeko asmoz. Orain arte 51 herritarrek eta 6 abokatuk eman dute izena zerrendan baina badakigu askoz gehiago direla. Eta oso garrantzitsua da herriari, gizarteari, eragile soziopolitikoei eta administrazioei irudi osoa ematea. Horregatik, e-posta bat zabaldu dugu nahi baduzu galderak egin ditzazun eta, bidaliko dizugun dokumentua irakurri ostean, nahi izatekotan zerrendan sartzeko. E-posta honakoa da: justiziazerrenda@euskalerria.org

Era berean, otsailaren 28an Gernikan eta Bergaran Justizia Administrazioak euskalduntzeko burutuko diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten dizugu.
Eta ez ahaztu, aratuste hauetan joan zaitezke epailez mozorrotuta, baina haiek, sasi-epaile erdaldunak, urte osoan zehar doaz mozorrotuta, euskaldunontzat momentuz ez baitago juztiziarik.

Mariñe Kamiruaga Garitaonandia eta Iñigo Fernandez de Martikorena Rodriguez

(Gernikan gose greban dauden justiziako kaltetuak)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun