SENER armagintza enpresara martxa egingo da larunbat honetan Algortatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 20a, 21:39
Getxo Antimilitarista, Kontzientzi Eragozpen Mugimendua (KEM) eta Kakitzat erakundeek deituta, Areeta auzoko Zugazarte Etorbidean dagoen SENER armagintza enpresara martxa, abiatuko da larunbat honetan 12:00etan, Algortako metroko plazatik. Izan ere, "Eusko Jaurlaritzaren diruaz ekoizten dituen erabilera militarreko produktuekin, munduan ematen diren gerrak bultzatzea" leporatzen diote enpresari talde antimilitaristek. "Heriotza, sufrimendua eta txikizioari esker, irabazi handiak lortzen ditu", Getxo Antimilitaristako kideek adierazi dutenez. Hori dela eta, gastu militarrak "gizarte beharrizanetara" bideratzea eskatzen dute.
Ez da lehendabiziko aldia talde antimilitaristek SENER (Getxo) enpresaren aurka joaten direna. Beti ere, modu baketsuan eta ekintza ikusgarriak burutuz. Izan ere, eurek adierazi dutenez, EAEn industria militarrean diharduen enpresa talderik handienetakoa osatzen du ITP (Barakaldo, Zamudio) eta GAMESArekin batera. Are gehiago, CASA eta New Matra-BAE Dynamics-ekin elkartuz, Espainiako Misil Konpainia (CEM) eratu dute, hain zuzen ere, irrati-frekuentziaz gidaturiko "Meteor" misila garatzeko asmoz. Herrialdean, mota horretako lehendabiziko enpresa da CEM.

ITPrekin batera (enpresa horretako kapitalaren ehuneko 26a du SENERek), EUROFIGHTER / TYPHOON Europako gerra-hegazkinerako, EJ-200 motorea egiten ari den EUROJET taldean dihardu. Eta EUROTILT helikoptero europarraren nazioarteko egitasmoan parte hartzen ari da.

"Hisdesat" elkartean ere ehuneko 5eko parte hartzea dauka SENERek, Spainsat eta Xtareur satelite militarrak eratzeko sorturiko taldea alegia. 222 milioi euroko inbertsioarekin. Horretaz gain, tankeentzako simuladoreak, elektrooptika eta irudi-prozesuak, sofware-a, laser bidez gidaturiko bonbak... ekoizten ditu, Getxo Antimilitaristak adierazi duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun