Anjel Figueroa eta Orkatz Gallastegi presoak espetxez aldatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 20a, 21:40
Baldintzapeko askatasunaren errekurtsoaren zain jarraitzen du Marian Perez del Riok

Omenaldia egingo diote bihar Areetan pasa den astean sendutako "Txini" iheslari ohiari

Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Anjel Figueroa Algortako presoa lekuz aldatu dute, Dueñas (Palentzia) espetxetik Alcoleara (Kordoba). Orkatz Gallastegi berangotarra ere aldatu dute aste honetan, Alcala Mecotik Castelloko espetxera, hain zuzen. Espetxe aldaketa biak "tratamendu" arrazoiengatik egin dituztela esan diete Espainiako Kartzela-Instituzioetako Zuzendaritza Nagusikoek.
Anjel Figueroa 1994 urtean atxilotu zuten eta 2000ko otsailetik hona, Dueñas (Palentzia) espetxean egon da. "Kordobako espetxera iritsi bezain pronto bakartze moduloan sartu dute, besterik gabe", amnistiaren aldeko mugimenduko kideek adierazi dutenez.

Orkatz Gallastegi, berriz, 2002ko urriaren 24an atxilotu zuten, eta Alcala Mecon izan da orain arte. Bertatik Valdemorora eraman zuten pasa den astean, azken espetxe honetatik Castellora eramateko. Algortatik aditzera eman dutenez, "beste preso baten telefono deiaren bidez" jakin zuten senideek, astelehenean irten zela Valdemorotik, "baina ostegunera arte ez dute bere geralekuaren berri izan, alde guztietara deitzen ibili diren arren". Izan ere, egun horretan utzi zioten, etxera telefono dei labur bat egiten, berangotar presoari, non zegoen abisatzeko. Espetxez aldatzen dituztenean, heltzean, senideei telefonoz abisatzeko eskubidea daukate preso guztiek, iritsi bezain pronto deitzeko ere bai. Kasu honetan, ordea, "hainbat egun pasa behar izan dira, familiarren ezinegona areagotzeko helburuarekin", deitoratu dute.

Asteburuan joango zaizkie bisitan senideak

Presoen senitartekoak asteburu honetan joango zaizkie bisita egitera. Bitartean, eta baimenak tramitatu arte (batzuetan bi hilabete) ezin izango dute lagunen bisitarik jaso, Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek jakinarazi dutenez. "Bistan da preso politikoak urrundu, bakartu eta isolatzeko politikarekin jarraitzen duela Espainiako Gobernuak", salatu dute, egoera honi buelta emateko "sakabanaketaren izaera definitu eta politikoki kokatzea" ezinbestekoa dela gaineratuz. Izan ere, sakabanaketaren bidez "preso politikoen existentzia bera ukatu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ezabatu nahi dute", euren hitzetan, "horren bidez gatazka politikoa izkutatu, eta Euskal Herria bera ere existitzen ez direla esatera iristeko".

Hori dela eta, "Euskal Presoak Euskal Herrira" diotenean, "euskal preso politikoen izaera politikoa eta, Euskal Herriaren askatze prozesuan gainerako herritarrak bezala eskubide zibil eta politikoak dituztela" aldarrikatzen ari direla nabarmendu nahi izan dute amnistiaren aldeko mugimendukoek. Euren ustez, "kontutan hartu beharreko agente aktiboa" dira presoak. "Azken batean gatazka gainditzearen bidean ari gara, Autodeterminaziora, Lurraldetasunera eta Euskal Herriaren onarpenerako bidea egiten ari gara", azaldu dute.

Oraindik ere epaiaren zain Marian Perez del Rio

Pasa den astean bezala, oraingoan ere, Marian Perez del Riok algortarrak baldintzapeko askatasunaren errekurtsoaren epaiaren zain jarraitzen duela nabarmendu nahi izan dute Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek.

Errekurtso honen bista urtarrilaren 21ean izan zen, eta "egundo ez da kasu hauetan holako atzerapenik ezagutu", adierazi dutenez. Euren ustez, espetxean 11 urte egin ondoren eta kalean baldintzapeko askatasunean urte bat baino gehiago daramanean, "ez dago inolako arrazoirik Marian berriro espetxean sartzeko".

"Txini"ri agurra

Larunbat honetan, omenaldia egingo diote Areetako enbarkaderoan, igande goizaldean hil zen Jesus Mari Garcia Cue "Txini" auzo horretako iheslari ohiari. 13:00etan hasiera emango zaion ekitaldian, bere errautsak zabalduko dira.

"Txini urte askotan iheslari politikoa izan da eta bizitza osoan burrukatu egin du euskaldunok Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen alde", Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun