Galeako "Ciudad Jardin" etxaldeko bideen jabetza hartu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 25a, 22:35
Gaur goizean Galeako "Ciudad Jardin" izeneko etxalde barruko bideak hartu ditu Getxoko Udalak, horien jabetza bereganatuz. Era berean, bertara sartzea oztopatzen zuen horma txikia lurrera bota dute, etxalde horretarako sarrera zabalik utziz. Ondorengo egunetan, Santa Marina Haitza kalea eta Farorako bide zaharraren arteko bidegurutzea konponduko dute. Izan ere, horma bota ondoren konpontze lanak beharrezkoak dira eta horretarako 22.621 euro inbertituko dituzte. Ekintza honek etxaldera sartzea eta Golferako eta Farorako bidea ere erraztuko ditu.
"Ciudad Jardin" etxalde barruko bideak hartzeko tramiteak egin zituen Udalak eta gaur hori aurrera eraman ahal izateko epea bukatzen zen. Prozesuan zehar, inguruan bizi diren 100 auzokide baino gehiagoetatik, "sei batek baino ez" du bere desadostasuna agertu, alegazioak eta errekurtsoren bat ere aurkeztuz, Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez, "oraindik erabakitzeke daudenak".

Zarraoaren arabera, jabetza horiek bereganatzeak amaiera ipintzen dio, bere ustetan, "zentzua ez zuen egoera bati". Neurri horrek, "Ciudad Jardin" izeneko etxalderako sarbideak erraztuko ditu eta baita Golferako eta Galeako Farorakoak ere, alkatearen hitzetan. Etorkizunari begira, Udalak inguruaren urbanizatze eta saneamendu lanak ere eramango ditu aurrera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun