Egunkaria aurrera! - Mikel Carramiñana / Mediaberriko koordinadorea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 25a, 22:44
Esaten da kazetari bat albiste bilakatzen denean, gaitz edo okerraren bat gertatu izanaren seinale dela. Euskal Herrian tamalez, egunkarien atal osoak betetzeko nahiko albiste sortzen dira komunikabideak edota kazetarien inguruan, beti ere antzeko protagonista eta ondorio bertsuekin. Duela urtebete Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Juan del Olmo epaileak. 12 hile igaro baina urteetako lana desegin eta birsortzeko nahikoa izan dela dirudi. Lorea Agirre kazetariak “Gezurra ari du” kronika bikainean argitu digu Itxieraren ondorengo egunetan langileek eta atxilotuek bizi izan zituzten egoera.
Azkenaldian hori aldatuz doala dirudien arren, Kazetaritza Fakultateetan ez dituzte kazetari-gaiak esperientzia horietarako prestatzen. Beldurra ere sortzen du Loreak idatzitakoa, euskal kulturaren langile oro Guardia Zibilak kontrolatua izan daitekeela konturatzea suposatzen duelako. Orduan elkartasunarekin erantzun egin zuen Euskal Herriak, gaur Egunkariako langileek egun horietan sentitutakoa ulertzeko modua dago.

Duela urtebete Martxelo Otamendik adierazitako kezken artean, galdera potoloa gelditzen da erantzuteke: “Ze mekanismo aktibatu behar da Euskal Herrian horrelako beste erasorik izan ez dadin?”. Liburuaren hitzaurrean Azurmendik islatutako “enpresari euskaldunaren” perspektibak, galderari erantzun ez, baina argibideren bat ematen du.

Ezin inori leporatu kudeaketa gaizto edo ezkuturik egin izana, ez baitago modurik Espainiako mekanismo zentralistek martxan jartzen direnean horiek gelditzeko, tanke israeldarren antzera palestinarren lurraldeetan hondamena sortzen sartzen direnean. Baina alde positiboa badute halako gertaerek, euskal kultura zeren gai den jakiteko balio zaigula hain zuzen ere. Arriskuak baditu funtsik gabeko itxiera eta zentsurei ohitzea, baina lau hilabetetan egunkari berri bat sortzeko erronka gainditzeak, txalogarria baino gehiago da. Helburua orain, euskal prentsa, euskal esparru komunikatiboa bultzatu eta indartzea izan behar da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun