"Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean elkarretaratzea bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 26a, 22:33
Ostiralean eta larunbatean taloak daude Amnistia Tabernan, baita tonbola ere

Hilabete guztietako azken ostiralean egiten den bezala, bihar ere, elkarretaratzea egingo dute, "Euskal Presoak Euskal Herrira" aldarrikapenaren inguruan, Algortako Telletxe kalean (metro geltokiaren aurrean). Etxerat elkarteak deituta, 20:00etan izango da kontzentrazioa.
Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, dagoeneko "erreferentzia" bat da, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela eskatzeko, hilero, azken ostiraletan egiten den elkarretaratzea. Denon Artean Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean, "herriko sektore guztien adierazpenaren bilgunea" izan nahi du. Izan ere, amnistiaren aldeko mugimenduko kideen ustez, "ez dago aitzakirik aldarrikapen hau ez babesteko, Getxon 14 preso ditugunean, eta presoak Euskal Herrian biltzeak gatazkaren konponbidean aurrera egitea denean".

"Euskal Preso Politikoak Euskal Herrian behar dute izan, Euskal Herriko prozesu politikoan presente izan nahi dutelako, Irlandan preso errepublikarren presentziak erabateko garrantzia izan zuen bezala", gaineratu dute.

Taloak Amnistia Tabernan

Ostiral honetan (otsailak 27) talo goxoak egongo dira salgai, 20:00etatik aurrera, Algortako Sarrikobaso kalean dagoen Amnistia Tabernan. Eta larunbatean ere (otsailak 28), aratusteak direla eta. Gainera, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek adierazi dutenez, "jende guztiak dio onenak direla". Izan ere, elkartasuna bideratzeko modu asko daudela ulertzera eman nahi dute horrelako ekimenen bidez. "Ondo pasatzea ez da elkartasunaren oztopo izan behar", gaineratu dute.

Horretaz gain, egun hauetan eta sari guztiak agortu artean, amnistiaren aldeko tonbola bat jarrita dago Sarrikobaso kaleko tabernan. "Euro baten truke sari ugari eskura ditzakezu. Baina garrantzitsua hauxe da: tonbola honek beti daukala saria: elkartasuna", eman dute aditzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun