Getxoko Udalak 110 mila euro zuzenduko ditu euskara ikasi eta sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 8a, 21:12
Getxoko Udalak euskara sustatzeko eskaintzen dituen dirulaguntzetara eta zerbitzuetara, guztira 110 mila euro bideratuko ditu. Horrela, udal langileek, zinegotziek, merkatariek, elkarteetako kideek eta abar luze batek euskara ikasteko, kartelak euskaratzeko edo Udako Euskal Unibertsitatera (UEU) joateko dirukopurua handitu egin da aurten. Baita itzulpen eta elkarteek ekintzen aurkezpenak euskaraz egiteko zerbitzuetara ere.
Eskainiko dituen laguntzak eta zerbitzu guztiak testu bakar batean bildu ditu Udalak. Dirulaguntzak ez dira, ikastaro berberengatik, Getxoko edozein euskaltegitan ordaintzen den gehienezko dirua baino handiagoak izango. Honekin batera, aurtengo berritasunen artean, familia giroari dagokionez, lagun gehiagok eskatu ahal izango dute laguntza. Horien artean, haurrak zaintzen dituzten aitite-amamek, haurtzaindegietako eta ikastetxeetako langileek (irakasleak ez direnek), Iñaki Zarraoa alkateak azaldu duenez .

Merkataritza alorrean, langile bat ordezkatzeko dirulaguntza eskaintzeaz gain, Udalak euskaltegiko matrikula ere ordainduko dio euskara ikastera doan merkatariari. Elkarteen alorrean, euskara ikasteko, aisialdiko begirale eta zuzendari agiri ofiziala lortzeko ikastaroak egiteko eta elkartearen irudi korporatiboa aldatzeko dirulaguntzak emango dira.

Bestalde, aurten ere, euskara sustatzeko, itzulpen eta aurkezpen zerbitzuak eskainiko ditu Udalak. Guztira 12 ekimen desberdin egongo dira.

Euskal dantza, euskal kanta eta bertsolaritza ikastetxeetan

Bestalde, lehendabiziko aldiz udalerriko bost ikastetxetan Bertsolaritza eskolak emango dira, 5.927 euroko aurrekontuarekin. Hauekin batera, herriko beste zenbait ikastetxeetan, berriro ere Euskal Dantzak eta Euskal Kantak izango dira, 27 mila bat euroko aurrekontuarekin.

Guztira bi mila inguru ikaslek hartuko dute parte ekitaldi hauetan. Helburuak euskara eta euskal kultura sutatzea eta geroratzeaz gain, ikasitakoaren historia, esanahia eta, bertsoen kasuan, teknika ere ezagutzea dira. Horrela etorkizunari begira herriko elkarteetako kideak izango direnak ari dira prestatzen.

Azkenik, aurten ere San Isidro egunean Euskal Eguna ospatzeko asmoa du Udalak, aipatutako ekitaldietan ikasitako guztia ikasleek praktikan ipin dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun