Sustrai Colinak jarriko ditu bertsoak Sopelako esaera zaharren txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mar. 26a, 15:48
Sopelako Esaera Zaharren XI. Txapelketa ospatuko da, larunbat honetan (martxoak 27), AEKko Nikola euskaltegiak antolatuta. Bi zati izango ditu lehiaketak: goizean kanporaketak izango dira, eta bazkalostean, finala Ander Deuna ikastolako jantokian. Esaera zaharren erabilpena zein ezagutza zabaltzea da helburua, eta, bide batez, egun ona pasatzea. Besteak beste, Ainhoa Agirreazaldegik, Sustrai Colinak eta Algortako Bertsolari Eskolako kideek botatako bertsoez, asmatu beharko dituzte esaera zaharrak parte hartzaileek.
Guztira, 14 taldek (50 lagun inguru, 2 eta 4 pertsona artekoak izan daitezke taldeak) eman dute izena Sopelako Esaera Zaharren XI. Txapelketan. Bakoitzari 100 esaeren eman zaio, esaerok ikasteko (egunean bertan ezin izango da zerrenda eskuan erabili, txapelketaren oinarriek horrela adierazten dute).

Tabernarik taberna bertso-poteoan, 11:00etatik aurrera egingo diren kanporaketetan, bertsoak kantatuko zaizkie taldeei, bertso bakoitzak esaera zehatz bati buruzko pistak emango dituelarik. Taldeak bertsoa zein esaerari dagokion pentsatu eta esaera zaharra esan beharko du hitzez hitz. Goizeko bertso horiek ALBE Algortako Bertsolari Eskolak eginak izango dira. Beste batzuen artean, Peio Unzurrunzaga eta Miren Loizaga arituko dira kantari, eta Josu Landeta eta Fredi Paia soinu-panderoarekin.

Eguerdiko 15:00etan, berriz, bazkaria egingo da Ander Deuna ikastolako jantokian. Eta bi ordu beranduago finala jokatuko da bertan. Funtzionamendua berbera izango da, baina bertsoak bat-batekoak izango dira. Horretarako Ainhoa Agirreazaldegi eta Sustrai Colina bertsolariak izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun