Hizkuntza eskubideen eguna - Gabi Basañez / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 1a, 23:30
Udalbiltzaren III. Batzar Orokorra, 2001.enean: "Euskal herritarrek pairatzen duten egoera soziolinguistikoaren oinarrian dagoen arazoa, gure hizkuntzak lurralde osoan duen ofizialtasun eza da. Euskal Herrian egungo marko juridiko politikoaren ondorioz, bost egoera desberdin ditugu eta honekin batera inposatuak diren hizkuntzekiko mendekotasuna errealitate objektiboa da. Herritarren hizkuntza eskubideak ez dira bermatuak beraz, eta aipatu asimetria legalak ondorio larriak ditu gure hizkuntzaren garapenerako eta hizkuntza gisa bete behar dituen funtzio sozialak bermatzeko".
Urteak dira lehen aldiz euskaldunok hizkuntza eskubideak bagenituela entzun genuenetik. Hori aditzean harritu egin ginela uste dut. Bagenekielako jende eskubideak bazirela, bagenekielako herriek eskubideak bazituztela, baina gainerakoek alegia. Bagenekielako euskaldunok baztertuta ginela. Ikasi genuen ze injustiziazko bidetik eraman izan den Euskal Herria Erdal Herria bihurtzeko ahaleginean eta jasaten ari garen eraso horren eraberritzearren ondorioez ikasbidean gatoz. Baina hizkuntza eskubideak bazirenik eta guretzat ere bazirela bat baino gehiago harritu zuela uste dut. Eskubideak besteenak zirenaren ustea zegoelako, biktimak beste herrietakoak omen.

Guk konbentzimendu osoa dugu eta beti izan dugu, borroka barik ez dagoela Euskal Herri euskalduna berreskuratzerik. Zapalkuntza prozesu luze baten barruan ondorioak pairatzen ditugula, oraintxe ere. Bi estatu datoz estrategia anker horri eusten eta gertuago dauden bestelako gobernuek, euskararen herriaren zatiketaren gainean eraikitakoek, molde ezberdinez estrategia hori bideragarri egiten dutela. Halako egoskorkeri glotozida indartsu historikoari zerbait indartsua erkatu behar zaio. Geurea, geu normaltasunez bizi gaitezen. Baina berriki, borroka horrek guretzat ez ezik mundu guztian desagertzear dauden hizkuntza komunitateetako partaide guztien hizkuntza eskubideen aldekoa dela barneratzen hasiak gara, hizkuntza eskubideak ere unibertsalak direlako.

Gure borrokagatik gara itxaropentsu: gure herria martxan dakusagunean; nagusiei eta umeei dagokien eskola baldintza gaiztoenetan ere eraiki izan denean; udalak euskaraz normaltasunez bizi daitezen indarrak biltzen direnean; geure arteko komunikazioa geure kaxa egin ahal izateko apal, tinko eta eraginkor hariak berritzen ditugunean; egunean eguneko erdal zaparradaren aurrean euskarari bakarka, koadrilaka ere eusten zaionean.

Geure hizkuntza komunitateko partaide batzuk espainolaren lehentasuna legeztatzen dutenean ere, tripako minak eta buru arrazonamenduak bakarrik eman dezaketen indarrak harturik, herritarrak euskararen normalkuntzaren alde, harro eta borrokan ikusten ditugunean, itxaropentsu gaude. Hala egon izan gara beti. Alta, esaterik balego, hizkuntza eskubideen- jende eskubideen aldeko harrotasuna areagotu egin zaigu.Arestian beraz, gizateriak eta zapaldutako hizkuntza zaleek sortutako dokumentu ugarik arrazoia ematen digute.

Geure zentzuz, geure sena hutsez, euskaltzaleok hasitako normalkuntza osoaren aldeko bide honi arrazoia ematen zaio mundu zabaletik. "Herri guztiek dute bere kultura, hizkuntza eta antolaketa neurriak espresatu eta garatzeko eskubidea, horretarako marko politiko ezberdinetan beharrezko zaizkien komunikazio, hezkuntza eta administrazio publiko egitura politikoak ezarriz". Horratx! Ez da EHEren azken nazio asanbladaren erabakia, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalarena baizik. Edo "Pertsona orori dagozkio aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko (...) hizkuntza (...) edo beste inolako gorabeheragatik".

Hau berriz, ez da Kontseiluaren adierazpen bat, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren II. artikulutik hartutakoa baizik. Bestela ere, Herrien Eskubide Kolektiboen Deklarazio Unibertsalak zera dio: "...hizkuntz eskubideak pertsonen oinarrizko eskubide gisa onar daitezen aholkua ematen du". Hara, euskararen etsaiek itxuraldatu, ezabatu eta desagertzen saiatzen hasita dauden gakoa: euskara Euskal Herriko herritar orori bermatzea. Eskola, komunikabide edo administrazioan normaltasunez erabiltzea ez da "logiko", "normaltzat" edo "desiragarria" den kontua, justiziazkoa izateaz gain eskubidezkoa da. Horretara dator ba Migel Sanzen estakurua: "hizkuntza eskubideak absurdoak dira, ez dira existitzen".

Ehiztari traketsen modura erraza du honek gezurra ere. Zoritxarrez euskaldungo eta euskaltzalego zabalak ez du honen ezagupen zehatza, ez ditu dagozkion hizkuntz eskubideak behar adina ezagutzen, nahiz eta apurka- apurka zabaltzen doazen. Lehen mailako arma bihurtzen zaigu hizkuntz eskubideen ezagupena eta horren ostean, hutsik egin gabe, eskubide horien gauzapenaren aldeko borrokari eustea. Euskal Herria berreuskalduntzeko ezinbestekoa da herritarrek dagozkien hizkuntza eskubideekiko exijentzia maila areagotzea eta instituzioek herritarren eskaerei bide ematea. Eraikitzen goazen bitartean, ez dugunok eska, dutenek eman dezaten.

Jakin beharra dagoelako eskubidea dugula Euskal Herri osoan, euskara hizkuntza ofizial, nazional eta lehentasunezkoa izendatzeko; herritar guztiek euskara ezagutzeko; udalerri euskaldunetan neurri babesleak hartzeko; edozein administraziotako gune zein langileri euskaraz berba egin zein idazteko; erregistro publikoetako izendapenak euskaraz egiteko; lanean euskaraz bizitzeko; software, ikus entzunezko edo erabilera interaktiboa duten produktuak euskaraz eskura izateko; komunikabideen informazioa euskaraz jasotzeko... eta hauek ez dira iritzi politiko edota kapritxo mailako kontuak. Administrazioek bete beharrekoak dira, eta ez, orain artean gertatu bezala, estrategia politiko eta interes pertsonalen arabera zapaltzekoak.

Eta horretarako eraginkorrena inork jakin dezan esan eta egin. Bide horretan sakonunetxo bat proposatzen dizuegu euskaltzale guztiei: hizkuntza eskubideen urraduraren ezagutzan eta berau gainditzeko proposamenetan aurrera pausuak eman nahian lehen aldiz burutuko den Hizkuntza Eskubideen Aldeko Nazio Bilkurara etor zaitezten; Bai Ofizialtasunari lelopean egingo dugun manifestazioan eta arratsaldez jai giroan gozatzeko aukera Hizkuntza eskubideen egunak eskaintzen dizuen aukera balia dezazuen. Lesakan, Apirilaren 4ean. Bai ofizialtasunari, hizkuntza eskubideak borrokatu!

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua, 2004eko apirilaren 1ean

Gaiaren inguruko albisteak:

EHEk Lesakara joateko deia egin du, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko - Gara (2004 Api 01)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun