Hizketa arrotzak - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 10a, 20:11
Hau irakurtzen duzuenon artean, bakarrik adin batetik gorakook izango duzue gogoan gure elizatan mezak latinez egiten ziren garaiak. Papagaioen modura errepikatzen genituen buruz ikasitako litaniak eta “kirieleisonak”. Hala ere, funtsean ez dut uste arazoa hizkuntzaren arroztasun bistakoan zegoenik bakarrik. Latina elizkizunetatik baztertu zenean eta gaztelania lehenik, eta geroago euskara normaldu zirenenean ere ez zen desagertu litaniak errepikatu behar horrekiko arroztasuna. Auzia beraz, askoz ere sakonagoa da.
Guk bizitako eskarmentua —hitzaren erabilera desubjektibatua, alegia— erlijioaren tradizioan gauza ezaguna da aspaldidanik. Gu bezalaxe, aspaldiko korintiarrak ere “glosolalian” erabat murgilduta ei zeuden. Hitz bitxi hori grekeratik dator (laleîn glose), Paulok korintiarrei zuzendutako lehen epistolan agertzen da (14.2) eta hitzaren gertakari bat izendatzen du: hizlariak zer esaten duen jakin barik hitz egiten du. “Izan ere —dio Paulok— hizketa arrotzez mintzo dena, Jainkoari mintzo zaio, ez gizakiei, inork ez baitio ulertzen…

Hala ere, nire ustez, Paulok borrokatu nahi duen joera hori erabat lotuta dago erlijioa eta sakralizazio ororekin. Hain zuzen ere, Grezian bertan jaiotako Filosofia desakralizazio puntu batean jaio zen: Filosofiak erljioaren ahots sakon eta errepikatuaren autoritate misteriotsua eta sakratuarekin moztea exijitzen du, eta haren ordez, laikotasun argumentatiboa ezartzea. Platonek mozketa-keinu horren azterketa osoa egitea proposatzen digu. Apurketa hori mingarria eta amaigabea izanik ere, hor jokatzen da giza pentsamenduaren existentzia bera. Hortaz, paradoxikoki, giza adimenak egin behar duen ahalegina zaila eta esfortzuz betea bada ere, hori da pentsamenduaren existentziaren baldintza.

Gaur egun, elizatik aspaldian agertzen ez garela, Estatuaren erakunde eta komunikabideetatik diskurtso oso errepikatu eta nahiko “sakralizatua” igortzen zaigu behin eta berriz, parlamentarismoa eta kapitalismoaren bertuteak goraipatuz. Pentsatzen hasita nago aspaldian hitz jario etengabe horrek ez ote gaituen berriro “glosolalia” moduko prozesuan sartu, eta horrek benetan pentsatzea ez ote digun ekiditen. Paulorengana berriro itzuliz (Kor. I, 14.14): “Hizketa arrotzez otoitz egiten badut, nire izpiritua otoitzean ari da, bai, baina adimena fruiturik gabe gelditzen da, Zer egin bada?” Nire proposamena: greziar zaharren antzera eten dezagun autoritatearen hizkuntz arrotz errepikatua (ezaguna delako errazagoa dirudien arren) eta asma ditzagun laikotasun argumentatibo berriak (zailagoak diren arren).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun