Musika klasiko kontzertua antolatu du igandean, Bilbon, Ibilaldia 2004k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 23a, 23:54
Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Orkestra Txikiak eta Abesbatzak musika klasikoko kontzertu bat eskainiko du igande honetan, Bilboko Arriaga Antzokian, Leioako Betiko ikastolak eta Sopelako Ander Deuna ikastolak antolatuko duten Ibilaldia 2004ren programazio kulturalaren baitan. Saioa 12:30etan izango da eta sarrerak BBKko Teleka kutxazainetan eta Arriagan bertan egongo dira salgai 3 eurotan.
Ibilaldiaren eta aipatutako ikastolen, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko arduradunek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan atzo azaldu zutenez, kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo saioan, orkestrak bi pieza eskainiko ditu, eta abesbatzak beste bi, guztira 20 minutuko iraupenarekin. Pieza hauek "oso koloretsuak" dira, haur eta gazteei zuzenduta baitaude. M. Ipolitov Ivanov-en "Procession of the sardar" eta Richard Cohen-en "Piraten altxorraren martxa" piezak entzungo dira lehenengo zati honetan.

Bestalde, bigarren saioan, Xabier Jacintoren "Nunué" ipuin musikala eskainiko dute, narratzaile, orkestra eta abesbatzarentzat. Bereziki talde hauentzat konposatua den obra da, eta mundu mailako estreinaldia izango da (guztira 20 edo 25 minutu). Iñaki Beraetxe izango da narratzailea.

Ipuina euskaraz izango da, eta Nunué deituriko neskato bat du pertsonai nagusi gisa. Nunué Afrikan bizi da eta bere herrian euririk egiten ez duenez, euriaren bila abiatzea erabakitzen du. Bidaia luze-luzea egin eta gero, herri batera heltzen da, baina herri horretan dragoi bat bizi da, neska-mutil guztiak mendiko kobazulo batean bahituta dituena.

Nunué herriko ume txikiekin batera haiek askatzera abiatzen da. Umeak, txikiak direnez, zulo txikietatik sartzen dira eta beren neba-arrebak askatzen dituzte; bien bitartean, Nunué-k, dragoiari aurre egiten dio, eta neskatoa beltza denez, dragoiak ez du ikusten baina harrapatu nahian ahotik sua jaurtitzen hasten da, eta kobazulotik irten ezinik geratzen da, sumendia sortuz. Denak kanpoan daudelarik irtetzen da Nunué menditik, hodei bat pote batean sartu eta bere herrira itzultzen da, behar zuen euriarekin.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartea

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Orkestra Txikia 12 eta 17 urte bitarteko 40 neska-mutilez osaturik dago. 1998-1999 ikasturtean sortu zen helburu pedagogiko batekin. Orkestra honekin, Elkarteko eskoletan dauden umeei, musika beste elkargune batean parte hartzeko aukera ematen zaie, non beren formazioarekin jarraitu ahal duten, gero orkestra gaztera pasatzeko edo bertan dauden bitartean, musika eginez gozateko.

Sortu zenetik, zenbait kontzertu eman ditu, publikoaren gozamena lortuz, bai jotzen duten obrengatik, baita umeak lanean jartzen duten ilusioarengatik ere. Gaur egungo zuzendaria Iñaki Lagos da.

Bestalde, Elkartearen Abesbatza 1997-1998 ikasturtean jarri zen martxan, garai hartan Juncal Guerrerok zuzenduta. Bi urteko garaia pasata, eta lan egin gabe beste urtebete egon eta gero, gaur egungo abesbatza sortu zen, Estibaliz Arrizabalagak zuzenduta, eta Elkarteko zenbait Musika Eskoletako kantariekin osatuta. Orotara, 45 partaide ditu, Euskadiko alde guztietatik helduak.

Abesbatza, capellaz abestutako errepertorioaz gain, Elkarteko orkestrekin bat egiten du jo behar dituzten obren arabera, talde guztien elkarlana egin dezaten ideiarekin, musika proiektu polit honen barnean.

Antolaketan parte hartzeko deia

'Elkarregaz heldu' lelopean, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolak dira 2004ko Ibilaldia antolatzeko arduradunak. Leioan egingo da maiatzaren 30an. Publizitatean, arropa dendetan, kulturan, kirolan, prentsan edota muntaian laguntzeko jendea eskatzen dute. Horrenbestez, Ibilaldiko antolatzaileekin kontaktuan jartzeko helbide elektroniko hau jarri dute: ibilaldia@ikastola.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun