Abian dago, berriro ere, "Getxo Activa" egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko api. 29a, 00:27
Batez ere, haurren, adinekoen eta menpeko pertsonen alorrean, langabetuak laneratzeko asmoz, "Getxo Activa" proiektua onartu du Udal Gobernu Batzordeak. Egitasmoa datorren urteko urrira arte egongo da indarrean eta Udalak azken urteotan bultzatu dituen "Enplegua Indartzen" eta "Enplegua Indartzen Plus" ekimenen jarraipena da. Europako Gizarte Fondoaren dirulaguntza ere badu eta 626.350 eurokoa izango da bere aurrekontua; 193.000 euro 2004. urtean eta gainontzekoa, 433.350 euro, 2005ean.
"Getxo Activa" proiektuaren helburua langabetuak laneratzea da, euren kontura zein beste inoren kontura lan eginez, Haurrentzako, Adinekoentzako eta Menpeko Pertsonentzako Zerbitzuetan, Iñaki Zarraoa alkateak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez. Hasieran 200 pertesonengana heldu nahi du ekimenak eta hauei beren gizarte gaitasunak hobetzeko hiru modulu eskainiko dizkie.

Bigarren fase batean, euren hezkuntzaren eta gaitasunen araberako modulu berezituagoak eskainiko dizkiete 100 bat laguni. Zarraoaren arabera, laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak garatzean datza ekimena. Gainera parte hartzaile guztiek teknologia berriei buruzko hezkuntza jasoko dute eta baita enpresetan lanean jarduteko aukera ere, praktiken edo beken bidez.

Aurrekoetan bezala, Udalak eta Europako Gizarte Fondoak ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiarenak ere finantziatzen du "Getxo Activa" proiektua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun