Dantza arloan euskara bultzatu dutenak omenduko ditu Ibilaldia 2004k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 21a, 23:22
Ibilaldia 2004ren aurkezpen ofiziala egin dute gaur Bilbon. Jakina denez, Bizkaiko ikastolen aldeko festa maiatzaren 30ean ospatuko da, Leioako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek antolatuta, "Alkarregaz heldu" lelopean. Ibilaldietan, azken urteetan ohitura denez, gizarteko hainbat esparrutan euskara bultzatzen aitzindari izan diren lagunak eta elkarteak omentzen dituzte, eta aurten, dantzaren arloan euskara eta euskal kultura sustatu dutenak izango dira omenduak.
Jose Luis Aurtenetxe Bizkaiko Ikastolen Elkarteko (BIE) lehendakaria, Koldo Tellitu Betiko ikastolako lehendakaria, Iñaki Calle Ander Deuna ikastolako lehendakaria eta Ane Gurrutxaga Ibilaldia 2004ko koordinatzailea izan dira aurtengo festa aurkezteko arduradunak.

Aurtenetxek gogoratu duenez, Ibilaldiak 1997. urtetik egiten du "Ibilaldia Omenaldia" ekimena, gizarteko esparru ezberdinetan euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean aitzindariak izan diren elkarteak eta pertsonak omentzeko asmoz. Horrela, aurten, "Dantza eta Euskara" izan da aukeratutako den arloa. Zehazki, Sabin Egiguren, Bittor Olaeta, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Irigoien, Koldobika Zabala, Mari Kruz Goñi, Patricq Queheille, Jean Batiste Bidart, Txusma Corres, Elai Alai Fundazioa, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta Euskal Herriko Dantzarien Biltzarra izango dira omendutako pertsona eta elkarteak, Aurtenetxek azaldu duenez. Omenaldia Artatza Jauregian izango da, goizeko 11:30ean hasita.

Beste alde batetik, Koldo Tellituk nabarmendu duenez, ikastolen eredua Uribe Kosta eskualdean ezagutarazteko "abagune aparta" da Ibilaldia, eta, horren baitan, "berezko hezkuntza proiektua ezagutarazi" nahi dutela adierazi du. Hala nola, hezkuntza euskalduna, ikas-materialgintza propioa, ikerketa eta garapena, kudeaketa autonomoa edota ikastolen arteko lankidetza.

Halaber, 90eko hamarkadaren erdialdean Leioako ikastolaren alde egin zuten pertsonak omenduko dituzte zirkuitoa zabaltzeko orduan. Ekitaldia Betiko ikastolaren aurrean izango da, 10:00etan.

Iñaki Callek, bestalde, iaz Lekeitioko Ibilaldiaren lekukoa hartu zutenetik, 12 hilabete igaro eta "indarrak hartuta" heldu direla nabarmendu du. Horrela, 12 hilabeteak "biziak" izan direla esan du: "partekatzeko eta ikasteko 12 hilabete, hain zuzen". Gainera, Ibilaldiaren beste helburu bat baliabide ekonomikoak lortzea dela gogoratu du, "gure instalazioak, gure ilusioa ez bezala, zahartzen doazelako".

Ekitaldi ugari zazpi guneetan

Ane Gurrutxagak ere urte "polita baina gogorra" izan dela aipatu du, "lanean etengabe" aritu baitira. Horrela, zirkuitoa Leioan kokatuta egongo da, zazpi gune ezberdinetan banatua, zazpi kilometro inguru orotara. Adin guztietako lagunei zuzenduriko eskaintza zabala antolatu dute, Ibilaldia 2004ko koordinatzaileak nabarmendu duenez, musika, dantza, gastronomia, edariak, kirolak edo bertsolariak egongo baitira.

Zirkuito polita eta heltzeko erreza dela gaineratu du Gurrutxagak, metroz, autobusez eta kotxez heltzeko aukera egongo baita. Horrela, metroz, Bilbo eta Ezkerraldetik doazenak Areetako geltokian jaitsi beharko dira, lehenengo gunera zuzenean sartuz; Uribe Kostatik heldutakoek Gobelako geltokia erabili beharko dute, zazpigarren gunera helduz. Autoan doazenek, berriz, Artea merkatal-guneko aparkalekua erabili ahal izango dute, eta autobusek Leioako unibertsitateko aparkalekuak izango dituzte.

Ikastola, Txorierri, Ondiz, Etxebarrieta, Sarriena, Peruri eta Artatza izango dira zazpi guneak. Egitarauari dagokionez, Betizuren ikuskizun berria, bertsolari saioak, Txapelpunk, Sagarroi, Urgabe, Oreka TX, Ken 7 eta Ene Bada taldeen kontzertuak, emakumezko Athletic eta Bizkaiko selekzioaren arteko futbol partida, herri kirolen erakustaldia, Goloka taldearen kale antzerkia edota Euskadiko Sokatira Txapelketaren finala nabarmen daitezke, beste askoren artean. Umeentzako, gazteentzako... gune berezirik ez dute jarri nahi izan antolatzaileek. Aipatu dutenez, zazpietan egon dira adin guztietako lagunentzako ekitaldiak. Gainera, jendea ibilbide osoa egiten animatzeko zozketa antolatu dute: sarrera bakoitzean txartelak banatuko dituzte gune bakoitzeko informazio postuetan jarriko dituzten zigiluak euretan biltzeko. Zazpi zigiluak batzen dutenek sari apartak edukiko dituzte eskura.

Zirkuitoa goizeko 9:30ean irekiko da, Ikastola gunean egingo den protokolo-ekitaldiarekin eta Betiko ikastolaren alde lan egin zutenei eskainiko zaien omenaldiarekin. Gune guztiek izango dituzte osasun zerbitzua, janaria, edariak, komunak, tiketak, denda edo informazio-guneak.

Azkenik, bilduko den jende kopuruari buruzko iragarpenik ez du egin nahi izan Jose Luis Aurtenetxek, oso zaila eta "arriskutsua" delako. Hala ere, zirkuitoak duen heltzeko erraztasuna kontuan hartuta, eta "eguraldiak laguntzen badu", aurtengo ibilaldia "jende askoren topagune" izan daitekeela azpimarratu du.


Ikusi egitarau osoa (pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun