Estatuen Europan herritarrik ez - Mikel Carramiñana / Mediaberri koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 24a, 23:56
Espainiarrak mendeko ezkontzak liluratuta jarraitzen duten bitartean, Madriletik harri berberak, ia errepikatuak, jaurtitzen dira Euskal Herrira. Biztanleko euro erdia gastatzea barkatzeko kontua litzateke, ordainean demokrazia eta askok ospatutako egoera politikoaren aldaketa izpirik balego. Baina esan bezala, beste hauteskunde batzuk heldu eta milaka euskal herritarren oinarrizko zenbait eskubide urratuko dira berriro. Herritarren Zerrenda ez du izango Europar hauteskundeetara aurkeztea, auzitegi konstituzionala kontrakoa erabakitzen ez badu behintzat. EAJk erabaki honen aurka agertu arren, ezin jakin Ibarretxe lehendakariak Juan Carlos, Zapatero edo Bono bezalako lagun agurgarriekin gaiaz mintzatu ote zen Asturiaseko printzeen festa zoragarrian.
Badirudi ZPren jarrera edo “talante” berriak ez duela sakoneko alderik aurkezten Aznarren gobernuarenarekiko. Agian espero zitekeen bidea jarraitu dute besterik gabe, gogoan izanda zeri esker eman zituen Aznarrek urte gehigarri batzuk Monkloan. Emaitza edonola, Euskal Herrian ez direla demokrazietan eman beharko liratekeen oinarrizko baldintzak betetzen. Urtea bete berri da Autodeterminaziorako Bilgunea (AuB) ilegalizatu zutenetik eta historia, esan ohi denez, errepikatzen da. Harridura sortzen du ezker abertzaletik plazaratutako adierazpena, zeinetan denbora eskatzen da exekutibo berriaren ildoa benetan ezagutzeko. Herritarren Zerrendan zalantza gutxiago dituzte guzti honen inguruan. Herriena izan beharrean, estatuen Europa da hedatu berri den hau, herritarrak zenbatetan zapalduko ditu erraldoi berriak?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun