ELA eta LABeko kideei udaletxera sartzea eragotzi die Leioako alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 18a, 15:25
Karmelo Sainz de la Maza alkatearen aginduz, Leioako udaletxeko ateak itxi zitzaizkien atzo kanpoaldean kontzentratuta zeuden ELA eta LAB sindikatuetako langileei. "Aurreko egunetan izandako arazoengatik" hartu zuen erabakia udal mandatariak. Bere hitzetan, "legez kontra jokatzen ari dira, gainontzekoei askatasun osoz lan egiten ez dietelako uzten eta, gainera, behar bezalako arreta ezin izan diegu eman hainbat auzotarrei". ELAko bozeramale batek "probokaziotzat" jo zuen udaletxera sartzen utzi ez izana.
Sainz de la Mazaren iritziz, "beharrezkoa ez den tirabira" mantentzen ari dira sindikatu abertzaleak. "Negoziazio mahaian jesartzeari uko egin diote", gaineratu du. Izan ere, Eudeleko lehendakaria ere den Leioako alkateak dioenez, Euskadiko Udalen Elkartea da udal administrazioko hitzarmena eztabaidatzeko jesarri beharreko foroa. ELAk eta LABek, berriz, udalez udal egin nahi dituzte negoziazioak.

Hori dela eta, negoziatu nahi ez duten irudia saltzen saiatzen ari direla salatu dute sindikatuek. "Gezurra da. Azken bi urtetan, Eudelen inposatu ziguten hitzarmena, eta oraingoan, gauza bera egin nahi dute. Baina beti ez dugu amua irentsiko", adierazi du ELAko bozeramaleak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun