Hondartza, mendia, festak eta... telebista - Aitor Encinas / Kazetaritza ikaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 18a, 19:51
Azkenean denok espero genuen urtaroa ailegatu zaigu. Urtaro lehorra eguraldiaren aldetik -iaz egindako sargoria gogoratu beharra dago-, baina bestetik, urtaro mamitsua da. Egun gutxi barru atzean geratuko dira klaseko eta laneko orduak, apunteak, azterketa astunak, goiz esnatzearen beharrak..., eta gure aisialdiari paso emango diogu. Hondartzan eguzkiaren izpien eta itsasoaren olatuen artean gure gorputzaren ibilbideak, mendien tontorreraino heltzeko animoa, herriko festetan ligatzeko aukera... Azken finean, uda ailegatu zaigu.
Uda urtaroa ikasleek dute nahiago gehien bat. Hiru hilabeteko oporraldia da. Langileek hilabete eskas dute normalean. Baina, badago bai oporretan bai klaseko egunetan denok izaten dugun joera. Telebista martxan jarri! Arestian, prentsan irakurri dut programa-estiloen kopuruaren analisia, eta kontuan hartzeko datua iruditu zait umeei bideratutako programazioa. Telebista-programazioan umeentzako programen kopurua %8 baino ez da, eta antza denez, bide honetatik jarraitzeko asmoa daukate telebistako kateek. Bestetik, egun den programazioa biolentzia da nagusi.

Orain oporretan, kontuan hartzen badugu umeek aisialdi gehiago izango dutela edozein gauza egin ahal izateko – horien artean, telebistaren aurrean egoteko aukera, hurrenez hurren- telebistako kateetan umeentzako programazioa indartu eta zaindu beharrari deritzot egokiena. Ziur nago hemendik aurrera ume-saio berriak ahalbidetuko direla, baina era berean, ohiko orduetan -goizean, arratsaldean zein iluntzean- filme bortitzak emango dira, edozein gaztetxoren esku.

Dena den, udan hondartza dut gustuko. Mendia ere bai. Eta zer esango dut herriko festei buruz! Telebista beti egongo da, eta nahiago dut hondartzaren paisaiak ikusi nire begi-bistatik, mendiaren usaina hartu sudurretik eta festetako giroa gozatu nire kabuz, telebistako pantaila laua ukitu barik.

Telebista oporrak eta gero martxan jarriko dut.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun