Jaietan murgilduko da bihar Leioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 22a, 23:59
Andrak elkarteak irakurriko duen pregoiak eta txupinaren jaurtiketak emango diete hasiera, asteazken honetan 20:00etan, Leioako San Juan jaiei. Igandera bitartean, mota guztietako jarduerekin gozatzeko aukera izango du herrira hurbiltzen den guztiak. Koadrilen arteko txapelketak, musika, kirolak eta dantzak izango dira nagusi adin guztietara begira antolatu den egitarauan. Jaiak denen parte hartzeaz egin daitezen eskatzeko, berriz, Txosnetako Jai Batzordeak ere jarduera ugari antolatu ditu. Izan ere, Leioako Udalak eskaintzen duen jai ereduarekin ez daude ados. Besteak beste, akelarrea, herri olinpiadak, kanta poteoa, tortila lehiaketa... antolatu dituzte txosna inguruetan. Baita, EH Sukarra, O Garbanzo Negro, Ene Bada eta Tonino Carotoneren kontzertuak ere, hurrenez hurren.
Txosnetako Jai Batzordea: "Jaiak herriak antolatu behar ditu, ez kultur koordinatzaile batek"

Jaiak kultur koordinatzaile batek antolatu beharrean, herriak antolatu behar dituela uste duten arren, Txosnetako Jai Batzordeko kideek ez dituzte jaiak ordezkatu nahi, UK aldizkarirako egindako elkarrizketan adierazi dutenez. Hori dela eta, txosna inguruetan baino ez dituzte egiten jarduerak. Aurten, egun osoa ekintzez beteko dute.

Besteak beste, ideia honekin bat datozen hainbat erakundek osatzen dute Txosnetako Jai Batzordea: AEK, Kraska Gazte Konpartsa, Ikasle Abertzaleak, Lilo Gorriak, Betiko Ikastola, Presoen Lagunak, Leioa Abian, Gazteak eta Gaztetxea. Denen artean diru iturriak, antolaketa, koordinazioa eta programazioa erabakitzen dute.

Ikusi egitarau osoa agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun