Gorka Martinez preso urduliztarra gose greban dago uztailaren 12tik Caceresen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 24a, 23:52
Caceresko espetxeko egoera salatu eta hori aldatzen saiatzeko gose-greba bat hasi zuten bertan espetxeraturik dauden euskal preso politikoek joan den uztailaren 12an. Horien artean, Gorka Martinez Ahedo urduliztarra dago. Asteartean jasotako datuen arabera, sei eta bederatzi kilo artean galdu dituzte, Askatasunak jakinarazi duenez. Martinezi dagokionez, sei egun daramatzala gose-greban adierazi zuen asteazkenean Askatasunak, Aranjuezen egon baita eginbideetan, eta ordutik bi kilo galdu dituela.
Besteak beste, zazpi preso politikoak lehenengo graduan sailkatuak dituztelako eman diote hasiera gose-grebari. Horrek bakartze erregimenean egotea adierazten du, Askatasunak azaldu duenez. Gainera, patio orduak ezarritakoak baino gutxiago dira; gosaria, bazkaria eta afaria bakarturik egin behar dituzte beren ziegetan; eta lantegietara joatea debekatua dute.

Horretaz gain, urte hasieran, 12 laguneko zerrenda bat egitea eta horiek bakarrik bisitatu ahal izatea ezarri zieten, eta hori berritzeko aukera eskatzen diete Caceresko espetxeko arduradunei.

Azkenik, Aitzol Maurtua euskal preso politikoaren gertakaria dago. Beste espetxe batean zegoen lehen, baina Caceresera bidali zutenean horretan zituen parteak bete behar izan ditu, eta guztira 200 egun adierazten dute. Horren ondorioz, aurrez aurrekoak izateko aukerarik gabe gelditu da.

Hona hemen zazpi preso politikoen senitartekoek kaleratutako prentsa oharra:

Gose greba mugagabea Caceresen

Gaur 11 egun bete dira Caceresko espetxean dauden gure senitartekoek gose greba hasi zutenetik. Egoera horretara heltzeko, pertsonak zein egoeratan egon behar duen galdetzen dio norberak bere buruari. Bururatzen zaigun erantzun bakarrak bizi-baldintzen egoera larri batera garamatza. Gure etxeko erosotasunetik nekez uler daiteke horrelako erabaki latza. Baina horretarako haien tokian jarri behar dugu; bakardadean sufritu bakartzearen «jipoiak», sakabanaketaren garrasi beldurgarria barruraino nola sartzen den sentitu eta kartzelako gorrotoari aurre egin inpotentziarik krudelenarekin soilik. Eta nola ez, edonor erabat erotu dezaketen porlanezko horma erraldoi horiek gosetia grebalari bihurtzeko gai ere badira. Izan ere, gure senideak justizia eta askatasun gosez daude. Baina haiek esan bezala, gose greban jarraitu arren, egunero gosaltzen dute katilukada bat salaketa, askatasun irrika menu goxo batean bazkaltzen eta platerkada bat duintasun afaltzen. Eta harrotasunez puzten gaituzte. Haiei esker bidegabekoa bidezko bihurtzen baita, ezduina duintasun eta gau iluna egun argi. Preso politiko izate hutsak preso «arriskutsu» egiten dituela esaten dute. Eta «arriskutsu» izate horrengatik, haietako bati bortizkeria osoz kendu diote bere senitartekoak hilean behin besarkatzeko duen eskubidea. Preso politiko izateagatik ere bakartze mugagabean dituzte, eta orain, lagunen bisitez gozatzeko eskubidea ere murriztu diete, gehienei bezala. Neurri edo zigor horrekin, gugandik oraindik gehiago urrundu nahi dituzte, astero bidean gure bizia arriskatzen dugun milaka kilometroak gutxi izango balira bezala.Ez dakigu borroka horrekin eskatzen duten giza eskubide oinarrizkoren bat lortuko duten. Baina haiek konturatu gabe, eskubide horiek borroka bera hasi aurretik «lortu zituzten». Izan ere, pertsona bat bere bizitzeko eskubideen eta bere askatasunaren jabe, haiengatik edozer emateko prest dagoenean izango da soilik. Eskubide horien alde besoak gurutzatuta geratzen garen egunean, arimarik gabeko erreinuan sartu izango gara. Horregatik, gaua beti argi, mutilak! Eutsi goiari! Maite zaituztegu!!

Caceresen gose greban dauden zazpi preso politikoen senitartekoak


Gaiaren inguruko albisteak:

Caceresen dauden euskal presoek sei eta bederatzi kilo artean galdu dituzte - Gara (2004 Uzt 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun