Zorrak daudenik ukatu du Getxoko Udalak, PPk egindako salaketei erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 10a, 23:45
Kobratu beharreko kopuru handiak daudenik gezurtatu eta diru-bilketan lortutako emaitzak "oso positibotzat" jo ditu EAJ, EA eta Ezker Batua alderdiek osatzen duten Getxoko udal gobernu batzordeak. Adierazpen horien bidez, gaur bertan PPk egindako salaketei erantzuna eman nahi izan diete erakundeko ordezkariek. "Dirua barra-barra bota eta udalerria pobretzea" ez ezik; zor, tasa eta zergei dagokienez, igaz 8,22 milioi euro kobratzeke uztea egotzi diote Getxoko Udalari popularrek.
Jose Manuel Etxebarria Ogasun zinegotziak adierazi duenez, "diru kopuruak kobratzeke egoteak ez du esan nahi kobratuko ez direnik". Popularrek emandako zenbakietan 2003ko azken hiruhilekoaren likidazioari dagozkien kantitateak daudela azaldu du, "horietatik %50 baino gehiago jada diru-kutxan" dagoela nabarmenduz. Ildo horretan, diru-bilketan %95eko kuotara heldu dela aipatu du udal ordezkariak.

Beste alde batetik, Getxoko Udalak milioi bat euroko zorrak barkatu izana ukatu du Etxebarriak. "Egiaz ez da zor-barkatzerik egon. 2003ra arte Bizkaiko Foru Aldundiko ardura izan den Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kudeaketa Udalak bereganatzean, orain dela urte askotako atzeratutako ordainagirien garbiketa egitea beharrezkoa izan da; batez ere askok preskribitu dutelako edota Lizentzia Fiskala eta Hiri-kontribuzioa bezalako kontzeptuak desagertu direlako", azaldu du zinegotziak.

Horretaz gain, Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zerga higiezinen sektoreko inbertsioen eta ziklo ekonomikoen menpe dagoela nabarmendu du, "eta ez Udalaren beraren kudeaketaren menpe". Langileen arloan izandako kostuen gehikuntza, berriz, "zerbitzu gehiago eta hobeagoak eman ahal izateko", lantaldea handitzeari egotzi dio Etxebarriak.

Azkenik, Altxortegian eta Aurrezte Garbian izandako gutxitzeari buruz PPk egindako kritikei erantzun die. "Udal baten kudeaketaren arrakasta ez da bildutako diruaren arabera neurtzen, baizik eta herritarrei ematen zaien zerbitzuak kontutan izanda", adierazi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun