Zauritutako bi ertzainen 300 lankide elkartu dira Erandion horrelako gertaerak saihesteko segurtasun neurriak eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 17a, 00:30
ELA Ertzaintza, ErNE eta SIPE sindikatuetako 300 bat ordezkarik elkartu dira gaur goizean Erandio-Landako polizi etxearen aurrean, atzokoa bezalako istripuak gerta ez daitezen, euren lanean segurtasun neurri handiagoak har daitezela exijitzeko. Atzo, 8:30ak baino minutu batzuk lehenago BI-637 errepidean gertatutako auto-istripua argitzen ari zirela, larri zauritu ziren bi polizia agente, lehendabizi auto batek, eta jarraian furgoneta batek harrapatuta. Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Polizia Autonomoko lantaldearentzako prebentzio plan zehatza eskatu du Jose Maria Lazarguren ELA-Ertzaintzako arduradunak. "Lan-osasun eta segurtasun arloetan, gainontzeko langileei ematen zaien trataera berbera" exijitu du ertzainentzako. Halaber, bestelako enpresetan lan-istripua dagoenean bezala, oraingoan ere ikerketa egin beharko litzatekeela adierazi du.
ELA Ertzaintzak deituta zegoen arren, ErNE eta SIPEko ordezkariak ere batu dira kontzentraziora. Atzokoa bezalako istripuak saihesteko neurriak hartu daitezela exijitzeaz batera, ertzainei lan-osasun arloan trebakuntza eman dakiela eskatu du Jose Maria Lazarguren lehenengo sindikatu horretako arduradunak, "orain arte horrelakorik ez dagoelako". Halaber, gaurko deialdiari buruz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik jasotako kritiken inguruan, "esaten dituenari izen ona galtzea baino ez dakarkio", bere hitzetan. Are gehiago, euren eskaerei kasu egin ala ez, ezkor agertu da Lazarguren, "batipat, Herrizaingo Sailaren eta sindikatuen artean dagoen harremana ikusita".

Elkarretaratzeari kritikak

Atzo kaleratutako prentsa oharraren bidez, "doilortzat" jo zuen Herrizaingo Sailak, bi polizia agenteei gertatutakoaren aurrean "errudunak bilatzeko asmoz", ELA-Ertzaintzak gaurko egindako deialdia. Javier Balzak zuzentzen duen departamentuak ez omen du ulertzen "nolatan aprobetxatu daitekeen horrelako gertaera lazgarria, eskarmentu nahikoa duten bi lankide trebatuta ez daudela aditzera emateko". Hori dela eta, "kontrola galtzen duen furgoneta baten aurrean zer nolako trebakuntza behar den" gizarteari azaltzea eskatu zion sindikatuari. Baita bi ertzainei eta euren senideei barkamena eskatzea ere.

Bitartean, 94 496 90 34 telefono zenbakia jarri du Ertzaintzak gertatutakoa argitzen lagundu dezaketen guztientzako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun