Kultur elkarteak, SOS - Maitane Ruiz / Plentzia Telebistako kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 25a, 14:18
Gure herrian hamaika kultur elkarte ezberdin ditugu, eta bakoitzak bere eremu edo esparru ezberdinetan lan egiten du. Nik elkarte kultural ezberdinetan dihardut eta gauza batetaz ohartu naiz: elkarteetan parte hartzen duen jendea beti berdina da.
Aisialdi edo kultur taldeak badirudi ez dituztela gure herriko gazteak erakartzen. Zertan datza arazoa? Kultura-talde hauetako kideen bide okerra edo gu baino gazteagoak diren kideek gure elkarteetan parte hartzeko gogoa edo nahia ez izatea? Azken urteetan, aisialdi eta kultur elkarteak krisialdi batean sartu direla esan genezake. Boluntario gisa gutxik egiten dute lan jada lehen egiten zen moduan.

Nire ustez, moldatu egin gara. Orain gutxi dago musutruk lan egin nahi duena. Kultur edo aisialdi talde batean parte hartzeak konpromiso, lan-orduak, eta azken finean, lana eskatzen du, baina orain, ez gaude prest gure denbora horretan baliatzeko. Lan honi guztiari baino guk beste gauza batzuei lehentasuna ematen diegu, nahiz eta jakin ez badakigun zeintzuk diren, baina… zer egingo diogu, ba?

Argi dagoen gauza bakarra zera da: aisialdi eta kultur taldeak ez dira enpresa indartsuak, eta beraz, ez dute dirurik euren langile boluntarioei pagatzeko. Haatik, boluntariorik gabe elkarte hauek ez dute iraungo. Gezurra badirudi ere, oraindik lan handia daukagu aisialdia eta kultura-esparru horretan hain laguntza gutxi izanda.

Baliteke errua orain elkarteetan parte hartzen dugunona izatea; baliteke guk elkarte-sistema eskema itxian eta zaharkituetan oinarritzea; baliteke aldaketa sakon baten beharra izatea; baliteke… Berandu izan baino lehen, etorkizun hurbileko erronka, analisi hori egitea izan daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun