Eskauten urteroko festa ospatuko dute Gorlizen 4.000 bat lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mai. 6a, 20:00
Bizkaiko eskaut mugimenduak igande honetan ospatuko du Gorka Deuna urteroko jaia Gorlizko Pinudiko landetan, "Gure mundua, guztion mundua" lelotzat hartuz. Javier Carnicero Euskalerriko Eskautak Bizkaia elkarteko (EEB) kideak Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, "EEBk hurbiltasunetik eta elkar ezagutzetik kulturen arteko errespetua eta elkarrizketaren aldeko apustu gogorra duen giza mugimendua dela aldarrikatu nahi du" jaialdiaren bitartez. Guztira, 4.000 pertsona inguru bilduko direla uste dute antolatzaileek.
Gorka Deuna jaia era jarraian ospatu dute eskautek ia 30 urtez; hori bai, lau urtetik behin Euskal Herriko eskauten bilera berezia egiten dute. "Aurreko urteetan, arrazakeria eta ekologia izan dira, beste batzuren artean, egun horretan lantzeko aukeratutako gaiak", azaldu du Carnicerok.

Egitaraua

10:00etan hasiko da jaia, Plentziako metro geltokitik Gorlizko Pinudiko landetara egingo den ibilaldiaren bitartez. Goizean zehar, gazteenek ginkana bat egingo dute hondartzan eta nagusiek munduko joko eta pintxo desberdinen erakusketa prestatu dute. Beranduago, 13:00etan, "denok elkartuko gara eukaristia egiteko", azaldu du EEBko kideak.

Arratsalde partean, ekitaldi gehiago izango dira. Horrela, bazkaldu ostean, pailazoen emanaldia egongo da 16:00ak inguruan eta, egunari bukaera emateko, erromeria antolatu dute.

Bizkaian 32 talde

Eskaut mugimendua, Elizbarrutietako aisialdi eta heziketarako mugimendua da eta lehen pausuak 1955an eman zituen, Bizkaian. Gaur egun, Lurralde Historiko osoan sakabanatuta dauden 32 taldez osatua dago. Guztira, 8 eta 18 urte arteko 3.000 gazte inguruk hartzen dute parte urtean zehar zenbait ekitaldi antolatzen dituzten talde horietan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun