Adin guztientzako plastilinazko animazio filma izango da gauean Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abu. 29a, 20:06
Animazio film onenaren Oscar saria iaz jaso zuen “The curse of the were-rabbit” (“La maldicion de las verduras”) proiektatuko dute gaur gaueko 10etan Urdulizko Agirre Lehendakariaren plazan. Nick Park-ek eta Steve Box-ek zuzendutako komedian Wallace eta Gromit plastilinazko pertsonaiek 85 minutuz helduen zein gaztetxoen irribarreak bereganatuko dituzte. Film honen bitartez Wallace asmatzaileak eta Gromit bere txakurrak hirugarren Oscar saria eskuratu zuten, aurretik bi laburmetraietan lortu ostean. Argazkian, Wallace eta Gromit 2005eko Oscar emanaldiaren ostean, lortutako emaitza ospatuz.
Barazki erraldoien urteroko lehiaketa heltzear dago eta Wallace eta Gromiten herrian barazkizaletasun handia sortu da. Bi lagunek beraien asmakizun berriarekin dabiltza jo eta ke, eta dirutza irabazten dute. Asmakizuna "Anti-Pesto" izenekoa, ortuak garbitu gura duten untxien kontrakoa da. Baina bat-batean, basati erraldoi bat gauez joaten hasten da soloetara, dagoen guztia suntsituz, eta auzokoak ikaratuz. Lady Tottington, lehiaketaren antolatzailea, etsita dago, eta "Anti-Pesto"ri eskatzen dio lehiaketa salbatzeko eta basatia harrapatzeko. Baina Victor Quartermaine Lady Tottingtonekin maiteminduta dago, eta berarekin ezkondu ahal izateko munstroa hil eta heroi bihurtu nahi du. Lady Tottingtonek Quatermainen asmorik jakin gabe baimena ematen dio, baina inork espero ez zezakeena gertatuko da...
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun