Emaztea jo eta errepidean bakarrik uztea leporatu diote plentziar bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko mar. 7a, 20:44
Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean, bikotekidearen aurkako genero indarkeria delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, gertakariak joan den ostiraleko goizaldean jazo ziren, Plentzian, elkarrekin bizi ziren etxean. Biktimak salatu duenez, eztabaida baten ostean, bikotekideak ahal izan zuen indar handienaz lepotik heldu eta ukabilkada bat eman zion ahoan. Une horretan, emakumea gela batera sartu zen, atea itxi zuen eta zainak ebaki zituen. Bikotekideak benda bat jarri zion zauri odoleztatuen gainean eta gurasoen etxera eraman zuen. Hara zihoazela, eztabaidan jarraitu zuten eta, bikotekidearen irainen eta egoera hartzen ari zen itxuraren aurrean, emakumezkoa ibilgailutik jaitsi zen eta Unbeko errepidean gelditu zen bakarrik. Larrialdi zerbitzura deitu zuen handik, eta Ertzaintzaren patruila auto bat bertaratu zen. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.
Emakume gaztea negarrez eta aurpegia eta besoak odoleztatuta aurkitu zuten polizia agenteek. Egoera horren aurrean, ertzainek osasun langileak bertaratzea eskatu zuten, emakumea ospitale batera eramateko. Azkenik bertan utzi zuten. Jazoera horien aurrean, agenteek ustezko erasotzailea Getxoko ertzain etxean aurkeztera deitu zuten, eta han atxilotu zuten, genero indarkeriar delitua egotzita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun