Abenduaren 2an Plentziako itsasadarra garbitzera deitu du Matrako mendi taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 20a, 19:01
Plentziako Udala eta Proa ur-kirol elkartearen laguntzaz, itsasadarra garbitzen arituko dira, abenduaren 2an, Matrako mendi taldeko kideek; eta jardueran parte hartzera deitu dituzte nahi duten herritar guztiak. Hitzordua goizeko 10etan jarri dute, zubi berriaren alboan dagoen turismo informazio gunean. Hori bai, parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena, azaroaren 28a baino lehen, Goñi Portal kultur etxean. Garbitu ondoren, hamaiketakoa edukiko dute guztiek Plentzia Gorri ta Zuri Athletic-en lagunartearen egoitzan. Bestalde, larunbat honetarako, azaroak 24, ingurumena zaintzeari buruzko jardunaldia antolatu dute Sopelako Peñatxuri surf taldeak eta Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF). Besteak beste, Gaztelugatxeko Doniene (Bermeo) inguruko itsasbazter eta labarretako zaborrak garbitzen arituko dira, 11:00etatik aurrera. Argazkian, Plentziako itsasadarraren babesari buruzko ekitaldiak ugaritu egin dira azkenaldian; besteak beste, urriaren 6an, bertoko dragatze lanen aurka azaldu ziren surflariak / Sordos Surf Waves
"Edertasun handiko tokia da hau, milaka pertsona bisitatzen dute eta zoritxarrez, itsaslabarrek ez daude behar bezain garbi. Hondartza ez diren kostalde zati horiek ere garbi egon beharko lukete, horregatik egitasmo honetan guztiok parte-hartzea eskatzen dugu", adierazi dute antolatzaileek. Zaborra batzeko materiala eurek banatuko dute. Gainera, txalaparta eta bertso emanaldiak izango dira, baita hamaiketako ederra ere. Hitzordua Gaztelugatxen bertan karri dute, 11:00etan.

Mendi irteera eta hitzaldia Plentzian

Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen Matrako mendi taldeak Gorbeia mendialdeko Itxinako zonalderako irteera egingo du datorren azaroaren 25ean, igandea. Txangoa goizeko 7:30ean hasteko asmoa daukate eta horretarako hitzordua Plentziako metro geltokian jarri dute, autoz mendiaren magaleraino heltzeko. Bertatik, Atxulaur atea igarota, Pagomakurrek, Axkorrigainek eta Supelegorrek zaindutako Itxina alde ederrera igoko dira. Gaur da azken eguna izena emateko Goñi Portalen. Ordutegia goizeko 10etatik 1etara eta 5etatik 7etara da, eta telefonoa 946 775 541. Matrako mendi taldekoek eskertuko dute autoa dutenek izena ematean hori jakinaraztea. Bestalde argibide gehiagorako, honako posta elektronikora idatzi daiteke: matrakomenditaldea[abildua]hotmail.com.

Abenduaren 2ko Plentziako itsasadarraren garbiketaren gaineko argazkiak erakutzi eta hitzaldia emateko, berriz, hilabete horretako 21a aukeratu dute. Ekitaldia 18:00etatik aurrera izango da, Goñi Portalen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun